Itxi

Gizartea

PABLO IBAR AUZIA

Beste zirkunstantzia larrigarri bat aintzat hartzeko eskatu du Ibar auziko fiskalak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Heriotza zigor eskaera indartu nahi du horrela. Hiru hilketak gertatu eta hiru astera Pablo Ibar atxilotu zuen Poliziak, bizilekua bortxatzearen delitua eta liskarra egotzi zizkioten.

  • Pablo Ibar, azken epaiketako saio batean

    Pablo Ibar, azken epaiketako saio batean. Artxiboko argazkia: EFE

Pablo Ibar auziko fiskalak beste zirkunstantzia larrigarri bat kontuan hartzeko eskatu du, otsailaren 25ean hasiko den epaiketaren bigarren zatiari begira. Pablo Ibar 1994an izandako hiru hilketaren "errudun" jo zuen Fort Lauderdaleko (Florida) auzitegiak, eta orain epaia ezagutzea bakarrik falta da: heriotza zigorra ala biziarteko kartzela zigorra. Fiskalaren azken mugimendu horrek helburu bat du: Ibarri heriotza zigorra ezar diezaiotela. Bere jarrera indartzeko, hilketak izan eta hiru astera Miami Daden izandako lapurreta aintzat hartzea nahi du. Poliziak Pablo Ibar atxilotu zuen bizilekua bortxatzearen delitua eta liskarra egotzita.

Larrigarrien kontu hori izango da, hain zuzen ere, gaur Broward Countyko epaitegian egingo den auzi-saioan jorratuko den gaietako bat.

Andres Krakenberger Pablo Ibar Heriotza Zigorraren Aurkako Elkarteko presidenteak jakinarazi duenez, gaurko saio laburrean Fiskalak larrigarrien zerrenda zuzentzeko egin duen eskaera aztertuko da. Azaldu duenez, fiskalak epaimahaia "konbentzitu" nahi du, Ibarri heriotza zigorra ezarri diezaion.

Fiskalak aipatzen duen larrigarri hori ez da, ordea, epaiketan zehar jorratu. Bestalde, Pablo Ibarren defentsak gertaera horri lotutako lekukoak eta frogak auzitik kanpo uzteko eskatu du.