Gizartea
EUTANASIA LEGEA
Bi familiak 280.000 sinadura eraman dituzte Kongresura eutanasia legeztatzeko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Horietako bat Portugaleteko familia bat da. Ama "duintasunez hiltzea" nahi dute, "berak nahi zuen bezala".
Bi familiak 280.000 sinadura eraman dituzte gaur Madrilgo Diputatuen Kongresura, eutanasiaren erregulaziorako legea desblokeatzea eskatzeko. Ez dute nahi beren etxeetan bizitakoa berriro gertatzea.
Familia horietako bat Portugaletekoa da. Maribel Tellaetxeren senarrak eta hiru seme-alabek sinadura bilketa bat abiatu zuten abenduan change.org plataforman, emazte eta ama dutena "duintasunez hil dadin, berak nahi zuen bezala". 180.000 sinadura pasatxo lortu dituzte heriotza duinaren alde.
Beste familia Luis de Marcos Verarena da. Berak ere sinadura bilketa bat jarri zuen martxan, baina prozesua amaitu aurretik hil zen De Marcos Vera. Hala ere, bere senideek kanpainarekin jarraitu zuten, eta 98.000 sinadura bildu dituzte.
Danel Lorentek, Maribelen seme zaharrenak, argi eta garbi azaldu du zergatik nahi duten Espainiako Zigor Kodearen 143.4 artikulua bertan behera geratzea: "artikulu hori dela eta, gu kartzelan sartuko gintuzkete amaren azken borondateetan jasotakoa beteko bagenu". Maribel Tellaetxeak alzheimerra dauka, eta burua erabat galdu aurretik idatzita utzi zuen etxekoak ezagutzen ez zituen egunean hil nahi zuela.
"Bihotza eta begiak irekitzeko eta herritarrak zer eskatzen ari garen ikusteko eskatu nahi diegu politikariei Kongresuan" azaldu du Asun Gomez Luis de Marcosen alargunak.
Honela egin zuen publiko beraien kasua Lorente-Tellaetxe familiak abenduan ETBn, sinadura bilketa hasi zuenean:
Gaur, sinadurak uztera joan direnean, beraiekin izan da Marcos Ariel Hourmman medikua, Espainian gaixo terminal bati eutanasia aplikatzeagatik sententziatutako lehen sendagilea.
Gainera, bilera egin dute, besteak beste, Patxi Lopez Kongresuko Osasun Batzordeko presidentearekin. Bera ere Portugaletekoa da, eta Portugaleteko Udalak eutanasiaren despenalizazioaren aldeko adierazpen instituzionala onartu zuen urtarrilaren 31n.
Alderdi sozialistak aurkeztu zuen 143.3 artikulua Kode Penaletik kentzeko proposamena. Talde parlamentario guztien babesa jaso zuten, PP eta UPNrena izan ezik. Ezezkoa bozkatu zuten, eta Ciudadanos abstenitu egin zen. Gaia oraindik tramitean dago, PP eta Ciudadanos blokeatzen ari direlako, emendakin epea luzatzeko eskatzen baitute.
Gauzak horrela, mezu argia bidali die Danel Lorente Maribelen semeak aldaketa babesten ez duten politikariei:
Gaur egun, eutanasia legezkoa da Belgikan, Herbeheretan eta Luxenburgon.