Gizartea
Sexu-abusuak
Ehunka herritarren babesa jaso dute salestarren ikastetxeko sexu-abusuen biktimek
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kongregazioaren jarrera kritikatu dute biktimek, "gertatzen ari zena bazekiten arren, ezkutatzea erabaki zutelako". 'Egiak ez du preskribatzen, inpunitaterik ez' goiburupean egin dute bilkura.
Ehunka lagun bildu dira arratsalde honetan Deustun, salestarren ikastetxean sexu gehiegikeriak jasan zituztela salatu duten hogei ikasle ohiei babesa eta elkartasuna adierazteko.
Biktimak, haien senide eta lagunak, zentro horretako ikasle ohiak eta Deustuko bizilagunak elkartu dira San Pedro plazan, 'Egiak ez du preskribatzen, inpunitaterik ez' lelopean. EH Bildu, PSE-EE eta Udalberri taldeetako zinegotziak ere izan dira.
Hamabost minutuko bilkura isila amaituta, biktimek idatzitako adierazpena irakurri dute. Gertakariak 70eko eta 80eko hamarkadetan jazo ziren. Harrezkero "bakarrik, beldurtuta, lotsatuta eta errudun" sentitu direla eta isilik egon izana deitoratu dute.
"Gure senide askok egunotan jakin dute egin zigutena, eta errudun sentitu dira gertatzen ari zenaz jabetu ez zirelako, baina hemen errudunak beste batzuk dira", adierazi dute.
Halaber, salestarren ikastetxeak izan duen jarreragatik triste eta dezepzionatuta agertu dira, "anbiguotasunarekin jokatu dutelako eta horrek min eman digulako".
"Gure familiek konfiantza guztia jarri zuten zuengan. Argitasunez eta irmotasunez hitz egitea merezi dugu: hartuko dituzuen neurriak zeintzuk izango diren esatea eta gertatu dena aitortzea nahi dugu. Bazenekiten zer ari zen gertatzen eta ezkutatu egin zenuten", salatu dute.
Agintariei eta alderdi politikoei ere zuzendu zaizkie, sexu-abusu delituak inoiz ez preskribatzeko legedia aldatu dezatela eskatuz.
Horrez gain, umetan jasandako gehiegikeriak salatuta "lasaitua hartu" dutela adierazi dute, egia jakitea eta gertatu zen aitortzea ezinbestekoa dela azpimarratuta.
Bestalde, Euskal Herriko Elizak auzi honetan zerbait esan beharko lukeela iritzi dio kontzentrazioan parte hartu duen herritar batek.
Salestarren ikastetxeko sexu-abusuen eskandalua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan inoiz ezagutu den kasurik larriena da.