Itxi

Gizartea

Deustu

1989an bi abusuren berri izan zutela onartu dute Salestarrek

Agentziak | Erredakzioa

Kongregazioaren jokabidea "argi eta garbi" urria izan zela esateaz gain, biktimak laguntzeko kanpoko batzordea sortuko dutela iragarri dute.

1:39
Deustuko Salestarrak

Deustuko (Bilbo) salestarren ikastetxeak barkamena eskatu die bertako irakasle batek ustez egindako sexu-abusuen biktimei. Salestarren Kongregazioaren jokabidea "argi eta garbi" urria izan zela esan du. 80ko hamarkadan jasan zituzten sexu-abusuak, 10 urte zituztenean. Ertzaintzak 20 salaketa jaso ditu jada, eta gertatutakoa ikertzen ari da.

Agiri batean jakitera eman dutenez, ikastetxearen barne ikerketaren harira, zuzendaritzak bi kasuren berri izan zituen 1989ren bukaeran, eta hurrengo hilabeteetan horien berri izan zuen "zuzendaritzako pertsona horrek ikastetxea eta Kongregazioa utzi zuen".

"Ezin imajina dezakegu biktimek urte hauetan jasandako mina eta amorrua. Salatutako eta orain ezagutzen ari garen gertaerei 30 urte igaro direla gehitu behar zaie. Samina eta ulertezintasun sentimenduek gertaerak larriagotzen dituzte", esan dute.

Salestarren Kongregazioak jakitera eman duenez, gertatutakoa "ikertzen jarraituko" dute eta "egin beharrekoak egingo dituzte". "Kongregazioak hartutako konpromisoa da eta amaierara arte beteko dugu", azaldu dute.

Azken egunotan Kongregazioarengana jo duten biktimak entzuten ari direla esan du ikastetxeak, eta gainerako biktimei eurekin berba egiteko deia egin diete.

Ildo horretan, Ertzaintzarekin kolaboratzeko harremanetan jarri direla esan dute salestarrek.

Bestalde, biktimak laguntzeko kanpoko batzordea sortuko dutela iragarri dute. Zuzenbide eta psikologia adituek ostuko dute batzordea.

Ikastetxeko ikasle ohiek elkarretaratzea deitu dute gaur (ostirala) arratsalderako. Biktimek auzotarren babesa dutela erakusteko deitu dute elkarretaratzea ikastetxe horretako ikasle ohiek.