Gizartea
Sexu-abusuak
20 pertsonak salatu dute jada Deustuko salestarren irakasle ohia
Agentziak | Erredakzioa
Ikastetxeko ikasle ohiek elkarretaratzea deitu dute ostiral honetarako Deustuko San Pedro plazan, "zigorgabetasunaren aurka" protesta egiteko.
-
Deustuko salestarren ikastetxea. ETBko bideo batetik ateratako irudia.
Guztira, Deustuko salestar ikastetxeko 20 ikasle ohik salatu dute orain arte zentroko irakasle ohi bat, sexu-askatasunaren aurkako delituak egotzita. Ustezko erasoak 80ko hamarkadan gertatu ziren.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta 'En Jake' saioak baieztatu dutenez, aurreneko salaketak aurkeztu zirenetik, dagoeneko ikastetxe horretako 20 ikasle ohik jo dute Ertzaintzarengana, umetan pairatutako sexu-abusu eta tratu txar fisikoen berri emateko.
Bestalde, '360º' saioko zuzendari eta aurkezleak Twitterren zabaldu duenez, gehiago izan daitezke txikitan sexu-abusuak pairatutako pertsonak.
Gainera, ikastetxeko ikasle ohiek elkarretaratzea deitu dute ostiral honetarako Deustuko San Pedro plazan, "zigorgabetasunaren aurka" protesta egiteko; izan ere, zentroa auzoan dago eta akusatua bertan bizi da.
Iragan astean eman zuten argitara zortzi ikasle ohik irakasle eta salestar ohiaren aurkako salaketak aurkeztu zituztela, 80ko hamarkadan egindako eraso sexualak eta fisikoak leporatuta.
Ikastetxeak "barne ikerketa" abiatu zuen, eta "aurkeztutako salaketak izan dezakeen ibilbide legala alde batera utzita", salatzaileei "babesa" adierazi zien Salestarren Kongregazioak.
Irakasleak 1975etik 1990era egin zuen lan Deustuko salestarren ikastetxean. 1990ean Kongregazioa uztea eskatu zuen, eta salestar izateari utzi zion.
Irakasle ohia udaleku bateko zuzendaria zela jakin ostean hartu zuten ikasle ohi batzuek salaketa aurkezteko erabakia.