Gizartea
Zortzi salaketa jarri dituzte
Abusuen biktima bat: 'Salestarrek bazekiten eta nahita ezkutatu zuten'
Agentziak | Erredakzioa
Azaldu duenez, kasu batean behintzat salaketa ez jartzeko eskatu zion zuzendaritzak familia bati. Handik gutxira, irakasleak 'kongregazioko kide izateari utzi zion'.
-
Salestarren ikastetxea Deustun (Bilbo). Argazkia: Wikipedia
Deustuko (Bilbo) Salestarren irakasle baten partetik sexu abusuak jasan zituen biktima batek kritikatu du zuzendaritzak bazuela "sexu indarkeria kasuen berri, baina baita indarkeria fisiko kasuena ere. Izan ere, jipoiak eta tratu txarrak modu publikoan eta agerian egiten zituen irakasleak". Hori horrela, ikastetxeari auzia "estaltzea" egotzi dio: "Nahita ezkutatu zuten", erantsi du.
Europa Press albiste agentziari eskainitako elkarrizketa batean biktimak "bereziki mingarritzat" jo du Kongregazioak kaleratu berri duen agiria. Bertan, barkamena eskatu zuten salestarrek "hain gaitzesgarriak diren gertakari horiek gertatu badira".
"Baldintzazko esaldi horrek min eman digu, iraingarria da. Eurek bazekiten zer gertatzen ari zen, eta nahita ezkutatu zuten. Estaltzaileak dira. Irakaslea bere ekintzengatik da errudun, eta eurak dena ezkutatzeagatik. Orain eskaintzen digute laguntza? 7-8 urte genituenean nahi genuen laguntza, munstro hark modu sistematikoan gehiegikeriak egiten zizkigunean", nabarmendu du.
Horren hitzetan, berak ez zuen ezer esan, baina biktimaren batek gurasoei kontatu zien, eta horiek guraso elkartera jo zuten. Elkarteak zuzendaritzarekin hitz egin zuen eta horrek salaketa ez jartzeko aholkatu zien gurasoei. Handik gutxira, ustezko erasotzaileak "kongregazioko kide izateari utzi zion".
Gutxienez salestar horren 10 biktima daude, eta zortzi salaketa jarri dituzte. Biktimek jakin ahal izan dutenez, salestar ohia Aldekoa taldeko kolaboratzaile gisa ageri zen orain gutxira arte. Talde horrek udalekuak antolatzen ditu. Egiaztatu ahal izan dutenez, 2019ko udalekuetako arduradunetako bat omen da. "Ikaratu egin ginen. Kontua ez zen iraganekoa, pertsona horrek berriro egin zezakeen".
Horregatik erabaki zuten Ertzaintzarengana jotzea, euren kasuak preskribatuta egon badaitezke ere. Izan ere, biktimon hitzetan, euren lekukotzak "ikerketa zabaltzeko balio dezake edo preskribatu ez diren kasu gehiago azalarazteko".
Hala, gizon horren biktimak izan daitezkeenei mezua igorri die: "Jakin badakit oso gogorra dela pauso bat aurrera egitea eta salaketa jartzea, baina beharrezkoa da. Badakigu biktima gehiago daudela. Eman dezatela pauso bat aurrera, gizarte honek horrelako gauzak jakiteko eskubidea eta betebeharra du. Inpunitate eremuak badaude ezabatu behar ditugu".