Itxi

Gizartea

DEUSTU

9 urte zituela salestar batek sexu abusuak egin zizkiola salatu du Jaimek

EITB.EUS

Salestar ohiaren kontra salaketa aurkeztu duen zortzi lagunetako bat da.

1:20
Jose Miguel San Martin salestar ohiaren biktimetako bat

Iragan asteburuan jakin ahal izan denez, Deustuko Salestarren ikastetxeko irakasle ohi bat salatu dute zortzi ikasle ohik Ertzaintzaren aurrean, 1980ko hamarkadan sexu-abusuak eta fisikoak egitea egotzita. Salaketa jaso duen gizona zentroko irakasle izan zen 1975 eta 1990 urteen artean.

Abusuak salatu dituen ikasle ohi horietako batek elkarrizketa eskaini dio ETBri, esklusiban. Jaimek 44 urte ditu gaur egun, eta sexu-abusuak pairatu zituen 9 urte zituenean. ETBri kontatu dioenez, ikastetxeko aretora joaten ziren filmak ikustera eta bera atzeko ilaran jartzen zen. Kamiseta altxatzen zion, eskua sartzen zion bizkarra laztantzeko, hozka txikiak egiten zizkion belarrian eta mihia ere sartzen zion.

Dena den, Jaimek ziurtatu duenez, bere kasuan eraso "arinak" izan ziren, beste batzuek pairatutakoen aldean. Ikaskide batek kanpaleku batean, Berantevillan, bizitakoa jarri du horren adibide.

Jaimeren esanetan, udaleku batean zeudela ikaskide bat botaka hasi zen eta berak ikasketa buruari abisatu zion. Irakasleak bere kanpin-dendara eraman zuen eta haurra ez zen gau osoan itzuli. Duela gutxi, ikaskideak aitortu dio irakasleak bere kanpin-dendara eraman zuela, botikaren bat eman eta bortxatu egin zuela.

Gaur gaurkoz, zortzi salaketa aurkeztu dituzte. Dena den, talde hori lau ikasturte ezberdinetako hogei biktima ingururekin harremanetan jarri da.

Jaimeren kasua preskribatuta dago, baina beste salaketak tarteko, litekeena da erasotzailea Justiziaren aurrera eramatea.

Salestarren Kongregazioak "babesa" adierazi die 1980ko hamarkadan sexu abusuak eta abusu fisikoak jaso zituztela salatu duten Deustuko ikasle ohiei, eta "barkamena" eskatu die "hain gaitzesgarriak diren gertakari horiek gertatu badira".