Gizartea
Florida (AEB)
Bere erabakian atzera egin zuen zinpekoa epaimahaitik kendu du Ibar auziko epaileak
Agentziak | Erredakzioa
Zorigaitzeko erabakia da Pablo Ibarrentzat; izan ere, biziarteko kartzela-zigorra ezartzeko aukeratik aldentzen du, heriotza-zigorraren ordez.
Bere erabakian atzera egin zuen zinpekoa herri-epaimahaitik kentzea erabaki du Pablo Ibar auziko epaileak, Andres Krakenberger Pablo Ibar Heriotza-zigorraren aurkako Elkartearen bozeramaileak jakitera eman duenez. Floridako epaimahaiak euskal jatorriko estatubatuarra errudun jo zuen berriro urtarrilaren 19an, 1994an hiru pertsona hiltzea egotzita.
Epailearen erabakiaren aurka helegitea aurkeztuko du defentsak. Krakenbergerrek jakinarazi duenez, auzipetuaren ordezkariek errekurtsoa aurkeztuko dute Floridako Laugarren Apelazio Auzitegiaren aurrean.
Zorigaitzeko erabakia da Pablo Ibarrentzat; izan ere, biziarteko kartzela-zigorra ezartzeko aukeratik aldentzen du, heriotza-zigorraren ordez. Epaiketaren bigarren zatia otsailaren 25ean hasiko da, eta zigorra zehaztu behar du.
Honenbestez, Dennis Bailey magistratuak Fiskaltzaren eskakizuna onartu du. Collins zinpekoak presioak jaso izana onartu du, baina kanpoko informazioarekin “kutsatu” izana ukatu du.
Konkretuki, Browad County Auzitegiko epaileak 'reddit.com' webgunean 'wickerstar' eta 'humanehero' izengoitiekin argitaratutako edukien inguruan galdetu dio Collins-i. “Presio ikaragarrien” eraginpean epaia babestera beharturik zegoela deitoratu zuen egileak. “Auzi oso larri” batean “borondaterik gabe bullying” egin ziotela erantsi zuen, eta zer egin behar ote zuen galdetzen du zinpekoak testuetan.
Zinpekoak herri-epaimahaian jarraitzea defendatu dute euskal jatorriko estatubatuarraren abokatuek, auziaren inguruko informazio zehatzik zabaldu eta jaso ez zuelako.
Gainera, webguneko kontua guztiz ezabatzea eskatu du defentsak, zinpekoarekin harremanetan jartzea eta auziaren inguruko informazioaz kutsatzea eragozteko. Horrek automatikoki herri-epaimahaitik at utziko luke, zinpekoak aukeratzeko araudiaren arabera.
Bestalde, zinpekoa epaimahaitik kentzea eskatu du Fiskaltzak. Litekeena da, Collins zinpekoa biziarteko kartzela-zigorraren aldekoa izatea auzian.
Otsailaren 4an saioa bat egingo dute aldeek eta epaileak, epai fasearen atarikoak prestatzeko. Zigorra erabakitzeko prozedura otsailaren 25ean hasiko da.
Epaimahai berriak Ibar errudun jo ondoren, epaiketaren bigarren zatian, zigorra zehaztu behar dute. Esan bezala, otsailaren 25ean hasiko da eta astebete edo hamar bat egun luzatzea espero da.