Gizartea
LAN BALDINTZAK
Barneko etxeko langileen % 96 baino gehiago migratzaileak dira Bizkaian
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lau langiletik bat administrazio egoera irregularrean dago, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak (ATH-ELE) 2018an jasotako datuen arabera.
-
Etxeko langileen manifestazioa Donostian, 2018ko martxoaren 25ean. Argazkia: EiTB
Barneko etxeko langile gehienak, zehazki % 96, migratzaileak dira, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak (ATH-ELE) iaz sortutako estatistiken arabera.
2018an, % 25 administrazio egoera irregularrean zeuden. Kopuru horrek % 10 egin du gora, aurreko urteko datuekin konparatuz gero.
Elkartearen bozeramaileak, Isabel Otxoak, prentsaurreko batean adierazi duenez, administrazio egoera irregularrean egoteak lan abusuak dakartza lanaldietan, soldatetan eta atsedenetan, langileak egoera “etsian” bizi direlako. Ondorioz, edozein motatako baldintzak onartzen dituzte.
Barneko etxeko langileen sektoreak Atzerritarrei buruzko Legearen “erabateko lizunkeria eta hipokresia” adierazten duela nabarmendu du Otxoak. Izan ere, atzerriko langileek, beraien egoera dela eta, lan abusuak onartzek dituzte, gizartearen “beharrak asetzen” dituztela kontuan hartu gabe.
Eusko Jaurlaritza ere kritikatu du Otxoak, 2018an Eusko Legebiltzarrak sektoreari buruz onartutako hainbat ebazpen “bete ez dituelako”: etxeko langileen agentziak eta hauen lan baldintzak kontrolpean izatea, adiskidetze laguntzen artean sartzeko etxeko langileek asetzen dituzten beharren iruzkina egitea, eta Osalanekin (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea) elkarlanean aritzea, esaterako, lan istripuak arautzeko.
Barneko etxeko langileen ezaugarriak
Emakume migratzaile guztien artean, % 72 Europar Batasunetik kanpokoak dira eta % 24k nazionalitate bikoitza daukate, elkartera hurbildu ziren 532 pertsonak oinarri hartuta ATH-ELEk 2018an sortu zituen estatistiken arabera.
Era berean, datuek agerian uzten dute Bizkaian barneko etxeko langileak diren 228 pertsonen artean gehienak emakumeak direla: iaz, 222 emakume eta 6 gizon ziren.
Lan baldintzak
Elkartearen bozeramaileak salatu du, gainera, barneko etxeko langileen soldatak ez direla gutxieneko soldatara heltzen kasuen % 90ean, eta soldata baxuenak administrazio egoera irregularrean daudenek jasotzen dituztela. Kasuen % 37,8an, langileei soldata eskura ordaintzen diete, inolako dokumentaziorik gabe.
Bestetik, zaintzen duten pertsona hiltzen denean edo egoitza batera eramaten dutenean, etxeko langileak langabezian geratzen dira kasuen % 26an, eta ez dute langabezia-prestaziorik jasotzen.
Osasun lanuzteei buruz, besteak beste pazientei laguntzearen ondorioz langileek pairatzen dituzten lesio fisikoak, gaixotasun arrunt bezala sailkatzea kritikatu du ATH-ELEk, beste sektore batzuetan laneko gaixotasun gisa sailkatzen direlako.
Kanpoko langileak
Kanpoko etxeko langileen kasuan, 295 pertsonak jo zuten elkartera, eta horien artean bost gizon baino ez zeuden. Bestetik, % 70 migratzaileak ziren.
Era berean, 295 pertsona horien artean, % 71 Gizarte Segurantzan afiliatuta zeuden. Aurreko urtearekin konparatuz gero, 2018an ehuneko horrek zortzi puntu eta erdi egin du behera.
Barneko etxeko langileen kasuan ez bezala, kanpoko langileen soldatek gutxieneko soldata gainditzen dute kasu gehienetan, kasuen % 80an. Orokorrean, hiru egoeratan dauden pertsonek jasotzen dituzte soldata horiek: etxeko lanak bakarrik egiten dituztenek eta haurrak edo adineko pertsonak zaintzeko kontratatzen dituztenek.