Gizartea
Tragedia Mediterraneoan
2018an sei pertsona hil ziren egunero Europara iritsi nahian
Agentziak | Erredakzioa
ACNURren datuen arabera, 2017arekin alderatuta, pertsona gutxiagok egin zuten heltzeko saiakera, baina gehiago hil ziren.
-
Erreskate taldeak hainbat laguni laguntza ematen, Mediterraneoan. Argazkia: EFE
Sei hildako egunero. Hori izan da batez beste Europara heldu gurean, Mediterraneoan hildako migratzaile kopurua 2018an. Aurreko urtearekin alderatuta, pertsona gutxiagok egin zuten Europara iristeko saiakera, baina gehiago hil ziren. Aipagarria da Italiara heldu zirenen kopuruak behera egin duela, baina Espainiara iritsitakoak, gora.
Guztira, 2.275 pertsona hil edo desagertu ziren Mediterraneoan 2018an. 2017an, 3.139 hildako izan ziren, eta 2016an, 5.096, ordura arteko errekorra. Dena dela, Mediterraneoa zeharkatzeko hautua egin zutenak gutxiago izan ziren iaz: 139.300 pertsona, 2017an heldutako 172.324rekin alderatuta.
Horrenbestez, Europara Mediterraneo itsasotik heltzeko saiakera egin zuten 51 migratzaileetatik batek ez zuen helburua lortu, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziak (ACNUR) egindako 'Itsasaldi etsiak" izeneko txostenaren arabera.
Libiatik Italiara doan ibilbidean (erdialdeko Mediterraneoa) zendutakoen kopurua nabarmen hazi zen iaz. 14 iritsieretatik 1 hil egin zen; 2017an, 38 iritsieretatik 1 zen datua. Dena dela, Italiara heldutakoak askozaz gutxiago izan ziren: 23.400 lagun, 2017an baino bost aldiz gutxiago. ACNURren arabera, Italiako zein Libiako gobernuek jarritako "murrizketa berrien" ondorio da, hein batean.
Espainiara heldutakoen kopuruak, aldiz, gora egin du (65.400 pertsona iritsi ziren —8.000 Ceutatik eta Melillatik —), baina baita hildakoen kopuruak ere: 777 pertsona hil ziren, 2017an baino lau aldiz gehiago (orduko hartan 202 zendu ziren). NBEn agentziaren iritzian, "eguraldia gorabehera, itsasoratzeko hautua egiten duten pertsonen trafikatzaileen erruz gertatzen ari da".
Hala, Europara sartzeko bide nagusia bilakatu zen Espainia 2018ko bigarren seihilekoan. Gehienak marokoarrak eta aljeriarrak izan ziren, baina baita Gineatik, Malitik, Boli Kostatik edota Gambiatik joandakoak ere.
Espainiako Estatura heldutakoen artean askok arrazoi ekonomiengatik egin zuten bidaia, baina badira beste kasu batzuk: behartutako ezkontzen eta mutilazio genitalengandik ihes egiten duten emakumeak edota euren joera sexualengatik jazarriak diren pertsonak.
Denbora gehiago itsasoan
NBEren Errefuxiatu Agentziak kezkaz hartu du azken urtean zabaldu den joera bat: migratzaileek denbora gehiago ematen dute korrokoildutako ontzietan, janari eta urik gabe.
NBEren arabera, Europan migrazioaren dramari aurre egiteko neurriak hartzeko dagoen akordio faltak "atzerapen nabarmenak" eragin ditu erreskate lanetan.
"Itsasoan bizitzak salbatzea ez da aukera bat, ezta gai politiko bat ere, betebehar bat da", nabarmendu du Filippo Grandi ACNURreko buruak.