Gizartea
PABLO IBAR AUZIA
Erabakian atzera egin zuen kidea kanporatuko duten beldur da Ibarren defentsa
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dennis Bayley epaileak Pablo Ibar errudun jo zuen epaimahaiko kide bat galdekatuko du, bere jardunean presioak jasan zituela interneten idatzi zuen zinpekoa izan ote zen argitzeko.
Pablo Ibar errudun jo eta erabakian atzera egin zuen herri-epaimahaiko kidea kanporatuko ote duen beldur da Ibarren defentsa. Dennis Bayley magistratuak epaimahaiko kide hori deitu du, bere jardunean presioan jasan zituela interneten idatzi zuen zinpekoa bera ote den argitzeko. Haren esku dago erabakia.
Interneten argitaratutako mezuetan, Ibar auziko epaimahaia jasaten ari zen "presioen" aurrean nola jokatu behar zuen jakiteko aholkuak eskatu zituen norbaitek.
Bayley magistratuak aldeak asteazkenerako deitu ditu Fort Lauderdale epaitegietan, Floridan 12:30ak direnean, Collins zinpekoa entzuteko. Fiskalak epaimahaitik kanporatzeko eskatu du.
Otsailaren 25etik aurrera ezagutuko da zigorra. Heriotza zigorra edo bizi osorako kartzela dira bi aukerak. Erabakia zigortu zuen epaimahai beraren esku egongo da.
Andres Krakenberger Pablo Ibarren heriotza zigorraren aurkako elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, epaileak ez dio Collins epaimahaikideari galdetuko zergatik egin zuen bere erabakian atzera; aitzitik, bai ordea, Ibar auziko epaimahaia jasaten ari zen "presioen" aurrean nola jokatu behar zuen galdetuz norbaitek reddit.com webgunean egin zituen iruzkinen inguruan.
Ibarren abokatuek Collins zinpekoak epaimahaikide izaten jarraitzea nahi dute. Horien esanetan, oraingoz ez da frogatu iruzkin horiek berak idatzi zituela.
Iragan astean, epaitegitik kanpo informazioa jaso zuen zinpekoa kanporatu zuen epaileak.
Pablo Ibar hiru hilketagatik "errudun" jo zuen epaimahaiak.