Itxi

Gizartea

Naizen

Naizen elkarte berria aurkeztu dute adingabe transexualen familiek

Agentziak | Erredakzioa

Chrysallis utzita, estatu mailako plataformatik aldendu dira, eta elkarte independentea sortu dute Euskal Herriko ehun bat familiak.

1:47
ARguiñano

Orain arte Chrysallis Euskal Herria elkartearen parte izan diren adingabe transexualen ehun bat familiak marka berria aurkeztu dute: Naizen. Espainiar estatuko elkartetik aldendu dira, beraz, erakunde independentea sortzeko.

Bea Sever bozeramaileak eitb.eus-i emandako elkarrizketa batean azaldu duenez, "egunerokoan harreman gutxi genuen Estatuko Chrysallisekin. Guk hemengo erakundeekin egiten dugu lan eta transferentziak daudenez, ez dugu Madrili begira egon behar".

Elkarte berriaren izena, logotipoa eta webgunea aurkeztu dituzte Donostiako Principal Antzokian. Eneko Goia alkatea, Jon Darpon Osasun sailburua, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politika diputatua eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herriarekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria ere bertan izan dira.

Africa Baetak eta Xabier Madariagak zuzendu dute ekitaldia. Onintza Enbeita eta Jon Maya bertsolariek Ekai izan dute gogoan, 2018an, 16 urterekin bere buruaz beste egin zuen ondarroar transexuala.

Ekitaldian, Bea Sever bozeramaileak Chrysallis Euskal Herriaren hastapenak gogorarazi ditu, 2015ean. Soilik zortzi familia ziren mugimenduaren parte, baina gero "iraultzailea izan da".

"Familiak agertu baino lehen, pertsona transexualak borrokan ibili ziren, batzuetan, gehiegitan, bizitza ere utzita", esan du Severrek.

Etorkizuneko erronkak

Naizenen ordezkariak gogorarazi duenez, aldarrikapen nagusien artean dago Eusko Legebiltzarrean transexualitatearen lege berri bat onartzea.

2018ko otsailaren 7an, Chrysallisek zirriborro bat aurkeztu zuen Legebiltzarrean, 2012ko arautik "patologiaren" ideia kentzeko. Momentu horretan, 2012ko legea "aitzindaria" izan zen, baina orain "zaharkituta geratu da, OMEk berak transexualitatea patologia mentalen zerrendatik atera duelako, eta EAEko legeak oraindik kasuak txosten psikiatrikoen bidez egiaztatzea eskatzen duelako", esan du Severrek.

eitb.eus-i emandako elkarrizketan azaldu duenez, Nafarroako 2016ko legea "oso ona da, Estatuko onenetarikoa".

Elkarteak burututako lan "ordainezina" nabarmendu du Goia alkateak, adingabeko transexualei emandako laguntzan eta gizartearen kontzientziazioan.