Itxi

Gizartea

EPAIMAHAIAREN ERABAKIA

Pablo Ibar errudun jo dute

eitb.eus

1994an izandako hiru hilketaren "errudun" jo du Fort Lauderdaleko auzitegiak. Otsailaren 25etik aurrera ezagutuko da zigorraren epaia. Bi aukera daude: heriotza zigorra ala bizi osorako kartzela.

  • Pablo Ibar

    Pablo Ibar. EFE

Pablo Ibar hiru hilketagatik "errudun" jo dute. Leporatzen zizkioten sei kargutan jo dute errudun: Casimir Sucharski, Sharon Anderson eta Marie Rogersen hilketak, lapurreta eta armak erabiliz egindako lapurreta. Hilketa horiek 1994an izan ziren, Floridan (Estatu Batuak).

Aho batez hartu du erabakia Fort Lauderdaleko auzitegiak, Miami iparraldean, eta idatziz eman dio epaia Dennis Bailey epaileari.

Orain, Ibarren aurkako epaia eman beharko du Baileyk. Fiskaltzak berriz eskatu du bere aurkako heriotza zigorra.

Otsailaren 25etik aurrera ezagutuko da zigorraren inguruko epaia. Heriotza zigorra edo bizi osorako kartzela dira bi aukerak. Erabakia epaimahai beraren esku egongo da.

Epai hori jakitera ematen denean, otsailaren 25etik aurrera, horren aurkako helegitea jarri ahalko dute, eta familiak jada iragarri du hala egingo dutela.

Familia, jota

Epaia irakurtzean urduritasuna izan da nagusi. Epaileak "asaldurarik" ez egoteko eskatu du epaia irakurri baino lehen, eta polizia agente bat familiaren aukien aurrean kokatu da.

Kolpe latza izan da familiarentzat. Epaileak kargu guztien epaitzak irakurri dituen heinean, elkarri babesa adierazi diote Michael anaiak, Tanya emazteak eta Candido aitak, negar malkoei eutsi nahian.

Epaitegi aretotik hitzik gabe atera dira, eta ez dute indarrik izan kazetariekin hitz egiteko. Emazteak Ibarren senide guztiak besarkatu ditu, eta oso atsekabe atera da auzitegitik.

"Ez dakit", erantzun du Candido Ibar aitak etorkizunean eman beharreko urratsei buruz galdetu zaionean: "ez daukat hitzik, hau onartezina da".

Defentsak "borrokatzen" jarraituko du

Pablo Ibarren Heriotza Zigorraren kontrako Erakundearen bozeramaileak, Andres Krakenbergerrek, Ibarren errugabetasunaren ebidentziak "oso argiak" direla azpimarratu du, eta argi utzi du "borrokatzen" jarraituko duela prozesuaren hurrengo faseetan "defentsarik onena" izan dezan.

Pablo Ibarren absoluzioa lortzeko itxaropena mantentzen duela esan du Krakenbergerrek, epaiketa honetan zehar epaimahaiari Ibar errugabe dela erakusteko "ebidentziak" aurkezteko zailtasunak izan dituzten arren. "Pabloren errugabetasunaren ebidentziak oso argiak dira, baina ez badigute epaiketa batean horiek aurkezten uzten jai daukagu", esan du.

Horien artean aipatu du biktimetako baten klubeko kamerek grabatutako bideoak aurkeztu ezin izana. Horietan, antza, bi gizon ikusten dira, aurreko egunean biktima mehatxatzen.

Momentu honetatik aurrera, "denboraz eta lasai" aztertuko dituzte eman beharreko urratsak, behin zigorra heriotza ala bizi osorako kartzela den zehazten denean.

25 urte preso, horietatik 16 heriotza-korridorean

Ibarrek 25 urte daramatza preso; hHorietako 16, gainera, heriotza korridorean. Errugabea dela esan du hasieratik.

Estatu Batuetan jaio zen, orain dela 46 urte. Aita euskal herritarra da eta ama kubatarra.

Bere aurkako lehen epaiketa baliogabea izan zen, epaimahaiko kideak ez zirelako ados jarri. 2000. urtean errudun jo zuten, eta heriotza zigorra ezarri zioten.

Heriotza korridorean izan zen, 2016ean Floridako Auzitegi Nagusiak zigorra baliogabetu eta epaiketa berriz egitea agindu zuenean, defentsa desegokia izan zuelakoan eta froga ahul eta urriren bitartez zigortua izan zelakoan.

Ibarren aurkako laugarren epaiketa

Asteazkenean bukatu zen Pablo Ibarren aurkako laugarren epaiketa, fiskalak eta defentsak ondorioak aurkeztu ondoren. Azken saioan, defentsak Pablo Ibarri jarritako zigorra baliogabetu eta aske uzteko eskatu zuen, fiskala bere argudioetan urrunegi joan dela iritzita.

Ondorioak aurkezteko garaian, Chuck Morton fiskalak Pablo Ibar libre ez uzteko eskatu zion epaimahaiari. "Ez utzi libre hiltzaile hau", esan zuen. Berehala, protesta egin zuten defentsako abokatuek, eta epaiketa baliogabetzeko eskatu. Dena den, Dennis Bailey epaileak atzera bota zuen eskaera hori.

Benjamin Waxman defentsako abokatuetako batek, bere aldetik, hiltzailea eta Pablo Ibar pertsona bera ez direla azpimarratu zuen. Horren arabera, "arrazoizko zalantzak" daude auziko pieza bakoitzean.

Deliberazioan, epaimahaiko kideek zalantzak izan zituzten eta hilketak gertatu ziren etxeko segurtasun kamerek grabatutako irudiak berriro ikustea eta hainbat deklarazioren transkripzioak eskatu zituzten.

Eusko Jaurlaritza: "Inor ez litzateke heriotza-zigorra izan daitekeen epai baten zain egon behar"

Pablo Ibarren gaineko erabakia publiko egin ostean, Eusko Jaurlaritzak oharra kaleratu du "munduan inor ez litzatekeela heriotza-zigorra izan daitekeen epai baten zain egon behar" adieraziz. Giza eskubideen ikuspegitik, Jaurlaritzak dio Floridako instantzia judizialek onartu egin dutela, gainera, "mahai gainean jarritako frogen eta jarraitutako prozeduren zuzentasunaren inguruan zalantzak daudela".

Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, babesa agertu dio Ibar familiari eta heriotza-zigorraren "erabat kontra" daudela berretsi dute Aldunditik. Epaituak diren pertsona ororen eskubideak defendatu beharra dagoela adierazi dute, eta nabarmendu egin nahi izan dute Euskadin azken urte hauetan heriotza-zigorraren kontra egindako lan eskerga.