Gizartea
ILARGI EKLIPSEA
‘Otso odoleko superilargia’, beldurrezko film izena duen eklipsea
EITB.EUS
Urtarrilaren 21ean ikusgai izango da ‘otso odoleko superilargia’ izeneko ilargi eklipse osoa.
-
Ilargi eklipsea Indian. Argazkia: EFE
Urtarrilaren 21eko ‘Otso odoleko superilargia’ ondoren, ez da beste ilargi eklipse osorik egongo 2021eko maiatzaren 26ra arte. Europan, ordea, 2022ko maiatzaren 22an ikusi ahalko da hurrengo ilargi eklipse osoa. Eklipsea paregabea da bi arrazoirengatik: bere maiztasun baxuagatik eta fenomenoari jarri dioten izenagatik, hain zuzen ere.
Odoleko superilargia
‘Odoleko ilargia’ deiturak ilargiak duen distira gorria du oinarri, NASAren esanetan. Ilargi eklipse osoetan izaten dira ‘odoleko ilargiak’, lurra eguzkiaren eta ilargiaren artean lerrokatzen denean.
Naiara Barrado Fisikan doktorea den EHUko irakasle eta Zientzia Planetarioen Taldeko ikertzaileak azaldu duenez, ilargiak kolore gorrixka izango du gure atmosferak iragazi egingo duelako eguzkitik heltzen zaion argia, kolore urdinak xurgatuz eta gorrixkak pasatzen utziz.
NASAren arabera, hautsa, kea eta lainoa direla eta gorria ematen duen ilargiari buruz hitz egiteko ere erabil daiteke ‘odoleko ilargia’ terminoa. Ezaugarri horiek dituzten ilargiak udazkenean izaten dira, hostoak gorritzen direnean.
Bestetik, ‘superilargia’ terminoa erabiltzen da ilargia ohi baino handiagoa dela ematen duenean, Lurretik gertuago dagoelako. ‘Superilargia’ perigeoan kokatzen da, Lurraren inguruko orbitan Lurretik hurbilen dagoen puntuan.
Eta zergatik ‘otsoa’?
National Geographicen arabera, amerikar natiboek eta Erdi Aroko europarrek horrela deitzen zioten urtarrileko ilargi beteari, neguko janari eskasia dela eta, gose ziren otsoek ulu egiten zutelako. Urtarrileko ilargi betea izendatzeko, ‘antzinako ilargia’ eta ‘izotzeko ilargia’ ere erabili dituzte.
Arriskurik ez
Batzuek ‘superilargia’ naturaren hainbat hondamendirekin lotzen dute, hala nola lurrikarekin, tsunamiekin eta uholdeekin. Barradok, ordea, gezurtatu egin ditu uste horiek. “Ilargia mareekin baino ez dago erlazionatuta”, adierazi du Fisikan doktoreak.