Itxi

Gizartea

PROTESTA

Adin txikikoei egindako sexu-abusuen aurka manifestatu dira milaka lagun Basaurin

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Basauriko sei gizon helduk salatu zutenez, herriko futbol-entrenatzaile batek sexu-abusuak egin zizkien txikitan.

  • Sexu-abusuen aurkako manifestazioaren burua, Basaurin

    Sexu-abusuen aurkako manifestazioaren burua, Basaurin. ETBko bideo batetik ateratako irudia

4.000 pertsona inguru bildu dira larunbat honetan Basaurin, adingaberi egindako sexu-abusuen aurka. Udalerri horretako sei gizonek salatu zutenez, herriko futbol-entrenatzaile batek sexu-abusuak egin zizkien txikiak zirenean, eta ustezko erasotzaile horrek umeekin lanean jarraitu zuen iazko urte bukaera arte, salaketa zabaldu egin zenean.

'Sexu-abusuak Basaurin? Pentsaezina? Ez naiz isiliko' lemapean egin dute martxa, Basauriko kaleetan, eta pankarta eraman dute abusuak salatu zituen lehenengo biktimaren senideek (Pepe Godoy izeneko gizona, bera ere protestan izan da).

Auzokide-talde batek deitutako manifestazioa 18:30ean abiatu da, Basauriko Arizgoiti Plazatik, eta isiltasunean egin dute ibilbidea. Noizean behin "ez gaituzte isilduko" bezalako oihuak bota dituzte. Udaletxeko hainbat ordezkari politiko ere bertan izan dira.

Manifestazioaren amaieran deialdiaren antolatzaileek agiria irakurri dute, sexu-erasoak jasan dituzten biktimei elkartasuna adieraziz eta "hala nahi izanez gero", abusuak "salatzera" animatuz. Bestalde, adin txikikoei egindako sexu-abusuak berriro ez gertatzeko "neurriak" eskatu dituzte. Izan ere, Basaurin jazotako sexu-abusuei dagokienez, sei salaketa aurkeztu zituzten biktimek, baina ez dute "justiziaren babesa jaso, are gehiago, justiziak erasotzailea babestu du, delitua jada preskribatuta baitago".

Amaitzeko, gogoratu dutenez, bost umetatik batek jasan ditu Euskadin sexu-abusuak, baina horietatik % 2k baino ez salatu du erasoa, "adingabe horiengan bizitza osorako ondorioak eraginda".