Itxi

Gizartea

Erregeetako Loteria 2019

Erregetako Loteriaren bigarren sariaren zati bat Bizkaian eta Nafarroan egokitu da

EITB.EUS

Zehazki, Urdulizen, Iruñean eta Tuteran saldu dute 61.776 zenbakiaren zati bat. Txartel bakoitzaren saridunak 75.000 euro jasoko ditu.

0:41

Igande honetan Madrilen egindako 2019ko Erregetako Loteriaren zozketaren bigarren sariaren zati bat Euskal Herriko hiru udalerritan egokitu da, hala nola, Urdulizen (Bizkaia), Tuteran eta Iruñean (Nafarroa). Bigarren saria 61.776 zenbakiari egokitu zaio, eta txartel bakoitzaren saridunak 75.000 euro jasoko ditu.

Iruñeko San Nikolas kaleko saltokian eta Tuterako Julian Arcos Escribano administrazioan saldu dituzte bigarren sariaren dezimoak.

Iruñeko kasuan, bigarren sariaren dezimo bakarra saldu du 4. administrazioak: 750.000 euro.

Arduradunak pozik agertu dira; izan ere, apenas sei hilabete daramatzate bertan lanean, eta Gabonetako sari potoloaren dezimo bat ere saldu zuten.

Orduan dezimoaren azken hiru zenbakiak eskatu zituen norbaitek, baina oraingoan baliteke saria halabeharrez egokitzea, aste erdirako dezimorik gabe geratu baitziren eta, ondorioz, salmenta guztiak azken egunetan egin dituzte terminalean.

Urdulizekoari dagokionez, Naparra kaleko 6. zenbakian kokatutako loteria-administrazioan saldu dituzte hainbat txartel, baina makina bidez egin dutenez, automatikoki, administrazioko arduradunak ez daki zenbat izan diren.

Bigarren saria oso banatuta egon da, Estatuko udalerri askotan saldu baitute, besteak beste, La Fresnedan (Asturias), Palma de Mallorcan, Miranda de Ebron (Burgos), Coruñan, Rivas-Vaciamadriden (Madrid), Moron de la Fronteran (Sevilla), Ajalvirren (Madrid), Mojacarren (Almeria), Porriñon (Pontevedra), Granadilla de Abonan (Santa Cruz Tenerifekoa), Los Navalucillosen (Toledo), Albaceten, Benijofarren eta Benidormen (Alicant), Oviedon (Asturias), Las Navas del Marquesen (Avila), Bartzelonan, Mataron, Les Franqueses del Vallesen, Esplugues de Llobregaten y El Prat de Llobregaten, Caceresen, Bornosen (Cadiz), Santanderren.

Bartzelona, jaun eta jabe

Bestalde, Erregeetako Loteriaren lehen saria 37.142 zenbakiarentzat izan da, eta osorik saldu da Bartzelonako Travesera de Gracia kaleko 244. zenbakiko loteria-administrazioan. Hirugarren zenbakia, berriz, 20.148 zenbakiari egokitu zaio, eta Bartzelonako Sabadell auzoko 1. loteria-administrazioan saldu dira txartel guztiak.