Itxi

Gizartea

San Roqueko portua

300dik gora migratzaile iritsi dira Cadizera Open Armsen ontzian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

179 adin txikiko daude Mediterraneoan erreskatatu eta Espainiako kostaldera eraman dituzten migratzaileen artean. Horietako asko Somaliako eta Siriako gerratik alde egin duten haurrak dira.

1:13

08:55ean heldu da San Roqueko (Cadiz) Crinavis portura Open Armsen ontzia. Guztira, 310 migratzaile iritsi dira Cadizeko kostaldera ontzi horretan, eta orain, Gurutze Gorriko 30 boluntario etorkinak artatzen dabiltza.

179 adin txikiko daude Mediterraneoan erreskatatu eta Espainiako kostaldera eraman dituzten migratzaileen artean. Behin osasun azterketak eginda, Algeciraseko eta La Linea de la Concepcioneko etorkinen egoitzetara eramango dituzte guztiak.

Gerard Canals Proactiva Open Armseko buruak bideo baten bidez baieztatu duenez, azken orduotan "oso erosoa" izan da bidaia.

Somaliako eta Siriako gerratik alde egin duten hainbat ume heldu dira

Ontzi horretan iritsi diren adin txikiko migratzaileetatik asko Somaliako eta Siriako gerratik ihes egin duten haurrak dira, Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak zehaztu duenaren arabera.

Vicente Raimundo Save The Childrenek Espainian duen programetako zuzendariak Crinaviseko instalazioen bestaldean bildutako komunikabideen aurrean esan duenez, "gerratik alde egin duten umeetako asko gosetean egon dira orain arte".

Libiako itsasoan 300dik gora etorkin jaso ostean, Pedro Sanchezen Gobernuak ontzia Espainiara bidaltzeko baimena eman zuen, inguruko herrialdeek erantzunik eman ez zutela ikusita.