Gizartea
GABONETAKO LOTERIA, ZENBAKITAN
240 milioi euro ekarri ditu Gabonetako Loteriak Euskal Herrira
E. JAUREGI | EITB.EUS
188,5 milioi eskuratu dituzte bizkaitarrek, 34 arabarrek, 13,5 nafarrek eta ia 3,2 milioi gipuzkoarrek. Lau lurraldeetako bizilagunek 186 milioi zituzten jokatuta.
Abenduaren 22 honetan Gabonetako Loteriaren zozketa izan da beste behin, eta zoriak, oraingoan, jokatutakoa baino diru gehiago ekarri du bueltan, Euskal Herrira.
Administrazioaren beraren datuen arabera, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako herritarrek ia 186 milioi euro zituzten jokatuta 2018 honetan eta gaurko zozketak 240 euro banatu ditu lau lurralde horien artean.
Bizkaia, 188,5 milioi euro
Bizkaia izan da zorterik gehien izan duen lurraldea. Izan ere, 188,5 milioi de euro utzi ditu Gabonetako loteriak bertan. Batetik, sari nagusiak ( 03347) 120 milioi euro utzi ditu Gernikan, 66,8 milioi Bilbon eta 400.000 euro Derion.
Hirugarren sariak beste 250.000 euro utzi ditu Bilbon, Sondikan, Trapagaranen eta Ermuan.
Laugarren sariei esker, beste 200.000 euro iritsi dira Leioara, eta bosgarren sariek, berriz, 858.000 euro banatu dituzte Bilbo, Basauri eta Sestao artean.
Araba, 34 milioi euro
Araban, soilik Laudioko loteria administrazio batek eman du saria gaur. Oparoa izan da, dena dela.
Laugarren sarietako bat oso-osorik saldu dute bertan, 34 milioi euro ekarriz herrira. Dezimo saritu bakoitzaren jabeak 20.000 euro irabazi ditu.
Nafarroa, 13,5 milioi euro
Nafarroan, Loteriaren zozketaren sari nagusiaren dezimo bana saldu dituzte Iruñean eta Fiteron. Jabe bakoitzak 400.000 euro jasoko ditu.
Gainera, Fiteron, Lakuntzan, Peraltan, Ablitasen, Corellan, Cabanillasen eta Tuteran beste 12 milioi eta 750.000 euro banatu dituzte, hirugarren sariari esker. Ia dezimo gehienak Erriberako hiri nagusian saldu dira.
Eta Tuteran egokitu da, baita ere, bosgarren sariaren zati txiki bat. Dezimo saritu bat izan da bertan, eta jabeak 6.000 euro eskuratuko ditu.
Gipuzkoa, ia 3,2 milioi euro
Beste guztien atzetik, Gipuzkoak ere berreskuratu du jokatutakoaren zati bat. 3 milioi eta 188.000 euro iritsi dira lurraldera. Sari nagusiaren lau dezimo saldu dira, izan ere, bertan: 2 zenbaki Zarautzen eta bana Donostian eta Lasarten.
Hirugarren sariak beste 650.000 euro ekarri ditu Donostiara (500.000) eta Bergarara (150.000), eta laugarren sari bat ere egokitu da Arrasaten, irabazleari 20.000 utziz.
Azkenik, bosgarren sariak 918.000 euro banatu ditu Azpeitia, Eibar eta Donostiaren artean.
Donostian, Narrika kaleko administrazioan bi sari eman dituzte. Argazkia: EFE