Gizartea
Gabonetako loteria
Tuterara joan da hirugarren sariaren zati handi bat
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gainera, Donostian, Bergaran, Kordobilan, Fiteron, Lakuntzan, Azkoienen, Bilbon, Ermuan, Sondikan eta Trapagaranen saldu dituzte 04.211 zenbakiaren hainbat serie.
Serieko 500.000 euro (dezimo bakoitzeko 50.000 euro) banatu ditu Gabonetako loteriaren hirugarren sariak, hots, 04.211 zenbakiak. 13:22an atera dute saria.
Zori onak Nafarroa ukitu du
Hirugarren zenbakiaren 23 serie saldu dituzte Tuteran. Gainera, Ablitasen, Corellan, Cabanillasen, Fiteron, Lakuntzan eta Azkoienen egokitu zaie saria.
Guztira, 12.750.000 euro banatu ditu Nafarroan; hamaika administraziotan 260 dezimo salduta.
Gipuzkoan 650.000 euro banatu dituzte
Gipuzkoan, berriz, 650.000 euro banatu ditu Eguberrietako loteriak. Donostian saldu dute serietako bat, eta Bergaran gainerako hirurak.
Esan bezala, Gipuzkoako hiriburuko zortzigarren administrazioan (Narrika kalean) serie osoa zeukaten, hau da, 04.211 zenbakiaren 10 billete.
Administrazio berean, bosgarren sarietako baten (02.308 zenbakia) hamabost serie saldu dituzte. Hala, 900.000 euro gehiago banatu ditu horrek Donostian.
Bestalde, hiru dezimo zituzten Bergarako Irala eta Dr. Fleming kaleetako administrazioetan; orotara, 150.000 euro.
Bilbok eta Bizkaiko hiru udalerrik 5 dezimo saldu dituzte
Gainera, Bilboko, Ermuko, Trapagarango eta Sondikako administrazioek zenbaki horren bost serie saldu dituzte: guztira, 250.000 euro.
Hain zuzen ere, Ermuko San Isidro kaleko administrazioak zituen bost dezimo horietako bi. Trapagaranek eta Sondikak, berriz, bana zeukaten.
Bestalde, Bilboko Ormaechean zorioneko daude gaur. Sari txikiagoak ez ezik, hirugarren sari honen dezimo bat ere saldu baitute.