Itxi

Gizartea

Gasteiz

Olarizuko gurutzeari eraso egin diote

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Egileek oharra bidali dute Hala Bedi irratira, erasoaren ardura bere gain hartuta. Gorka Urtaran alkateak gertakaria gaitzetsi du eta Udalak gurutzea konponduko duela iragarri du.

Gasteizko Olarizu mendian dagoen gurutzearen aurkako erasoa egin dute gaur goizaldean. Egileek oharra bidali dute Hala Bedi irratira, erasoaren ardura bere gain hartuta, eta sabotajearen bideoa zabaldu dute Internet bidez.

Irudietan ikus daitekeenez, gurutzearen oinarria moztu dute eta inguruan sokak utzi dituzte, ikurra beherea botatzeko moduan utzi dutela irudikatzeko asmoz.

Egoera honen aurrean "zerbait" egin behar zutela eta "gurutze frankista jada iragana" dela adierazi dute, Hala Bedi irratira bidalitako agirian.

Halaber, "Frankismoaren apologia" egiten duten ikurrak nonahi ikus daitezkeela salatu dute.

"Faxismoa garaitua izan zen tokietan ez da horrelako sinbolorik ikusten. Alabaina, Estatu espainiarrean trantsizioa diktadura frankistak bideratu zuen. Gasteiztarrok ezin dugu ahaztu trantsizio hartan jasandako indarkeria. Martxoaren 3ak agerian utzi zuen demokrata berriak edozer egiteko prest zeudela, erreformaren mugak finkatuta uzteko", diote testuan.

Azken hamarkadetan, "memoria gutxietsi eta baztertu egin dute, eta amnesia historikoa eta frankismoaren zuritzeko ahaleginak izan dira protagonista nagusiak". "Faxistak inolako lotsarik gabe omendu eta goraipatu dituzte", kritikatu dute.

Olarizuko gurutzea "mingarria" dela dio, eta, hala ere, agintariek bertan mantentzea erabaki dutela deitoratu dute. Gaurko ekintzarekin "herritarren borondatea" bete dutela diote egileek.

"Gurutze frankista iragana da. Gurutze horen lokatzak baliatu genitzake frankismoaren aurka eta askatasunaren alde aritu ziren milaka borrokalariak omentzeko. Balia dezagun", azpimarratu dute.

Bestalde, Gasteizko Udalak jakinarazi du gurutzea konponduko duela. Gorka Urtaran alkateak berretsi egin du ikurra ez dela frankista, herriaren sinboloa dela, baina frankistek bere egin zutela.

EH Bilduk izan ezik, gainerako udal talde guztiek adierazpen bat onartu dute gertakaria gaitzetsiz.