Itxi

Gizartea

Eustaten datuak

152.187 atzerritar bizi dira EAEn, biztanle guztien % 7

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Euskal Autonomia Erkidegora atzerritik iritsitako pertsonen % 35 amerikarrak dira, eta Araba da atzerritar kopuru handiena duen lurraldea.

  • 152.187 atzerritar bizi dira EAEn

    152.187 atzerritar bizi dira EAEn. EFEren artxiboko irudia

Euskal Autonomia Erkidegoan 152.187 atzerritar bizi dira gaur egun, 2018ko urtarrilaren 1ean Eustat Euskal Estatistika Institutuak neurtutako datuek erakusten dutenez. Horrek esan nahi du biztanle guztien % 7 atzerritarrak direla EAEn.

Kanpotik iritsitako pertsonen herritartasunari dagokionez, horien % 35 amerikarrak dira. Estatuan, ordea, Amerikatik heldutakoen kopurua askoz ere txikiagoa da: % 24.

Hain zuzen ere, Nikaraguan, Kolonbian, Bolivian eta Paraguain jaiotakoak dira Amerikatik iritsitako etorkin gehienak, eta horien % 63 emakumezkoak dira.

Bestalde, atzerritarren % 26,9 Europatik etorritakoak dira; gehienak (% 45,2) errumaniarrak dira, baina portugaldarrak ere asko dira horien artean (% 15,2).

Atzerritarren % 28,7 afrikarrak dira, eta horietatik % 50,3 marokoarrak. Estatuan, berriz, % 20,3 dira Afrikan jaiotako bizilagunak.

Azkenik, nabarmentzeko modukoa da Asiatik edo Ozeaniatik jende gutxi mugitzen dela EAEra. Izan ere, atzerritarren % 9,3 soilik dira handik iritsitakoak, eta Txinatik eta Pakistandik heldutakoak horien % 78,6 dira.

Lurraldeka

Lurralde batetik bestera aldatu egiten da atzerritarren kopurua. Arabak du batezbesteko handiena, % 8,7 (gehienak afrikarrak), Gipuzkoan % 7,2 dira atzerritarrak (amerikarrak eta europarrak nagusi), eta Bizkaian % 6,4 (gehienak amerikarrak).

Guztira, 61 dira Euskal Autonomia Erkidegoko atzerritar kopuruaren batezbestekoa gainditzen duten udalerriak. Izurtzan, adibidez, % 18 dira atzerritarrak; Navaridasen, % 17,7; Berriatuan, % 17,7; Mañuetan, % 16, eta Ordizian, % 15,9.

Kontrara, badira atzerritar kopuru oso baxua duten bost udalerri: Aduna, Mutiloa eta Orexa, Gipuzkoan, eta Lagran eta Harana, Araban.