Itxi

Gizartea

Giza eskubideen eguna

700 milioi umek indarkeria, abusuak eta esplotazioa jasaten dute munduan

EITB.EUS

Save The Children gobernuz kanpoko erakundearen txosten baten arabera, neskek biktimizazio bikoitza jasaten dute. 15 milioi neska ezkontzera behartzen dituzte urtero.

  • Bi neskato, gerra eremu batean.

    Bi neskato, gerra eremu batean. Argazkia: Pixabay

700 milioi umeri baino gehiagori euren eskubideak urratzen dizkiete egunero, Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira egindako "Lapurtutako haurtzaroa" txostenaren arabera.

Txostenak azaleratu duenez, mundu osoko haurren % 25ek ezin dute euren haurtzaroaz gozatu, gerra pairatu behar dute, ezin dira eskolara joan, eta indarkeriaren, gehiegikerien edota esplotazioaren biktima dira.

Gerra eremuetan "seguruak" diren guneetan ere neska-mutikoak hiltzen dira egunero. Sirian, berbarako, etxeak, ikastetxeak eta ospitaleak bonbardatzen dituzte. Siriako eskoletan 650 eraso izan dira zazpi urte hauetan. Horrela, hiru milioi haurrek bonbak eta indarkeria baino ez dute ezagutzen.

"Haurrak gerren helburu eta tresna gisa erabiltzeari utzi behar diogu lehenbailehen. Eskolak errespetatu behar dituzte, eta umeentzat toki seguru bilakatu behar dira", adierazi du Andres Conde Save The Childreneko idazkari nagusiak.

Yemenen, 120.000 haur daude eguneroko elikagai beharrak ase gabe, eta bost urte baino gutxiagoko 85.000 ume hilda egon litezke goseak edo gaixotasunak jota.

Un niño es atendido en Yemen

Umetxo bat, Yemenen.

El Salvadorren, Hondurasen eta Guatemalan gatazka armatu baten pareko indarkeria pairatzen dute haurrek. Hala, AEBra karabana batzuetan joaten dira asko, bakarrik. Marek eta gaizkile taldeek umeak, batez ere mutilak, errekrutatzen dituzte delinkuentzian aritzeko. Neskak sexu-abusuen, indarkeria matxistaren edo gizaki salerosketaren biktima dira.

Zazpi segundoan behin, neskato bat ezkontzera behartzen dute

Neskek biktimizazio bikoitza jasaten dute, adinagatik eta generoagatik. Urtero 15 milioi neska ezkontzera derrigortzen dituzte, hau da, zazpi segundoan behin behartutako ezkontza bat egoten da. Neskoi haurtzaroa lapurtzen diete, indarkeria sexual eta fisikoaren arriskupean jarrita. Gainera, eskolara joateko eskubidea urratzen diete.

Hainbat herrialdetan egindako giza eskubideen urraketek historiako desplazamendu handienak eragin dituzte. 16 hilabete eskasetan, munduko errefuxiatu kanpaleku handiena osatu da Bangladesh hegoaldean, Cox's Bazarren, alegia. Save The Childrenen arabera, 400.000 adingabe daude han, muturreko ahultasun egoera batean.

Azkenik, Espainia ere kritikatu du gobernuz kanpoko erakundeak. Izan ere, gogorarazi duenez, Gobernuak zegozkion 17.337 errefuxiatuetatik 2.892ri bakarrik egin die harrera.