Itxi

Gizartea

Marrakexen

150 herrialdek baino gehiagok izenpetu dute NBEren migrazio-ituna

EFE

Beste batzuek, ordea, ez dute babestu; tartean AEBk, Italiak, Bulgariak, Austriak, Hungariak, Poloniak edo Israelek. Sinatzaileen artean ere barne eztabaida sortu du akordioak.

  • Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia goi-bilerako hasiera ekitaldian.

    Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia goi-bilerako hasiera ekitaldian. Argazkia: EFE

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) migrazio-ituna sinatu dute gaur 150 herrialdek baino gehiagok Marrakexen (Maroko). Alabaina, herrialde ugarik huts egin diote hitzorduari, eta beste zenbaitek bigarren mailako ordezkaritza bidali dute.

Dokumentuak 23 helburu jasotzen ditu, eta migrazio lokala, nazionala eta internazionala hobeto kudeatzeko kooperazio eremua proposatzen du. Mundu osorako egiten den lehendabiziko akordioa da hori. 2017ko ekainean adostu zuen NBEk, hainbat hilabetez negoziatzen ibili ondoren. Ez da loteslea.

Sinadura asko falta dira itunean. Honako herrialdeek iragarri dute ez dutela babestuko: AEBk, Australiak, Italiak, Bulgariak, Austriak, Hungariak, Poloniak, Eslovakiak, Txekiar Errepublikak, Suitzak, Estoniak, Lituaniak, Israelek eta Dominikar Errepublikak.

Diotenez, akordioa ez da loteslea baina Estatuen subiranotasunari kalte egingo dioten konpromiso politikoak ekarriko ditu.

AEB izan ziren ituna baztertzen lehenetarikoak. Argudiatu zutenez, agiria Donald Trumpen migrazio-politikaren hainbat neurriren kontrakoa zen.

Marrakexeko goi-bileraren antolatzaileen esanetan, NBE osatzen duten 150 herrialdek baino gehiagok izenpetu dute. Herrialde batzuek, ordea, bigarren mailako ordezkaritza bidali dute Marokora, eta horrek garrantzia kendu dio itunari. Afrikako gutxienez bi estatuburu, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra edota Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua han izango dira, baita Antonio Guterres NBEren idazkari nagusia ere.

Sinatuko duten herrialdeen baitan ere barne-zatiketa eragin du itunak

Herrialde sinatzaileen artean ere barne-zatiketa eragin du NBEren agiriak. Belgika da erakusle behinena. N-VA nazionalista flandriarrek gobernua utzi dute Charle Michelen exekutiboak ituna babestu duelako.

Frantzian ere kritika ugari eragin ditu sinadurak, ultraeskuindarrek ituna baztertzeko eskatu diote Macroni.

NBEren argudioak

Akordioa loteslea ez dela eta migrazioaren aldekoa zein kontrakoa ez dela berretsi du NBEk.

"Migrazioa errealitate bat da, ez da ez ona, ez txarra", nabarmendu du Louise Arbour Nazio Batuen Erakundeko Migraziorako goi ordezkariak. Haren esanetan, elkarlanean ari diren herrialdeek hobeto erantzungo diote fenomenoari.

Erakundearen arabera, 258 milioi migratzaile daude munduan, populazioaren % 3,4. Kopurua hazten joango da honako arrazoiak bultzatuta: globalizazioa, desoreka demografikoa, klima aldaketa edota komunikazioak eta garraiobideek ahalbideratzen duten konektibitatea.