Itxi

Gizartea

Igandera arte

Bosgarren Araba Encounter hasi da ostiral honetan Gasteizen

Agentziak | Erredakzioa

Europa Jauregian egingo dute, asteburu osoan; besteak beste, heziketa-jarduerak eta bideo-jokoen, artearen eta programazioaren lehiaketak izango dira.

  • Artxiboko irudian, aurreko topaketa baten une bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

    Artxiboko irudian, aurreko topaketa baten une bat. EiTBren bideo batetik hartutako argazkia.

Bosgarren Araba Encounter, alegia, informatikaren zaleen beste topaketa bat, ostiral honetan hasi da Gasteizen, eta asteburu osoan egingo dute; programan, heziketa-jarduerak daude, bai eta hainbat gune ere: alegiazko errealitatekoa, robotikakoa, 3D inprimatzekoa, jokoetakoa eta arte digitalekoa.

Europa Jauregian da topaketa, eta, halaber, gune ireki eta doakoa eskaintzen du; bertan, tailerrak, hitzaldiak eta teknologian izandako azken nobedadeen berri emateko guneak daude. Hala eman dute jakitera antolatzaileek.

Igandera arte egingo dute Araba Encounter. Guztira, bideo-jokoen, artearen eta programazioaren 31 lehiaketa izango dira; besteak beste, argazki-ukituko, musika digitaleko, ilustrazioko edo bideo-sortzeko lehiaketak izango dira.

Etxe-estandarrekoa baino askoz ere arinagoa den konexioa

Topaketa honetako ordenagailu guztiek 10 Gbpsko Interneterako konexioa dute, hau da, etxe-estandarrekoa baino askoz ere arinagoa den konexioa.

Araba Encounter euskal informatika-azokaren barnean dago, Gipuzkoa Encounter eta Euskal Encounterrekin batera. Euskaltel Konekta Fundazioak antolatzen ditu urtero topaketa horiek, xede izanik informatikaren eta teknologiaren zaleek eta profesionalek ezagutza, ideiak eta balioak elkarren artean partekatzea.