Gizartea
EPAIA
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak La Manada auziko epaia berretsi du
EITB.EUS
Ez da aho batez hartutako erabakia izan. Bost magistratuetatik bik boto partikularra eman dute eta bost gizonak sexu-erasoagatik zigortzearen alde agertu dira. Aldeek helegitea jar dezakete Gorenean.
-
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia. Artxiboko argazkia: EFE
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du La Manada auziko epaia, hots, Nafarroako Lurralde Auzitegiak bost gazte sevillarrei nagusikeriaz egindako sexu abusu jarraitu delituagatik ezarritako bederatzi urteko zigorra. Nafarroako Lurralde Auzitegiaren arabera, 2016ko sanferminetan emakume bati egindakoa ez zen sexu-erasoa izan, sexu abusua baizik. Ez da aho batez hartutako erabakia izan. Halaber, aldeek kasazio helegitea aurkez dezakete Auzitegi Gorenean.
Biktimaren abokatuak, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak helegiteak aurkeztuko dituztela iragarri dute epaitutako gertaerak bortxaketa gisa kalifikatu daitezen. Horrez gain, akusatuetako baten abokatuak (Antonio Manuel Guerrero) Auzitegi Gorenera joko duela azpimarratu du.
Bost magistratuk osatu dute epaimahaia: Joaquin Galve Sauras (presidentea), Francisco Javier Fernandez Urzainqui, Alfonso Otero Pedrouzo, Miguel Angel Abarzuza Gil eta Jose Antonio Alvarez Caperochipi.
Epaimahaia osatu duten bost magistratuak ez dira bat etorri, izan ere, Joaquin Galve presidenteak eta Miguel Angel Abarzuza magistratuak boto partikularra eman dute, 2016ko sanferminetan gertatutakoa sexu abusua baino sexu-erasoa izan zela iritzita. Intimitate delitua hauteman dute eta, guztira, 14 urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri beharko litzaiekeela uste dute. Gainera, bost zigortuetako bat (Antonio Manuel Guerrero) larderiaz egindako lapurretagatik zigortzea (2 urteko kartzela zigorra) eskatzen dute, biktimari eskuko telefonoa lapurtzeagatik. Nafarroako Lurralde Auzitegiak ebasketa delitu arin bategatik 900 euroko isuna ezarri zion.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo zibileko eta zigor-arloko aretoak aintzat hartu du akusazioak aurkeztutako helegiteetako bat, hain zuzen ere, intimitatearen aurkako delituari buruzkoa. Bost zigortuek grabatu egin zuten erasoa, baina Lurralde Auzitegiak ez zion heldu auzi horri. Ildo horretan, intimitatearen aurkako deliturik egon ote zen ebazteko eskatu dio Nafarroako Justizia Auzitegia Nagusiak Lurralde Auzitegiari, behin epaia irmoa denean.
Aretoak sinesgarritasuna ematen dio biktimaren deklarazioari
Bestalde, aretoak aho batez baztertu ditu bost zigortuen abokatuek aurkeztutako helegiteak eta, funtsean, berretsi egin du Nafarroako Lurralde Auzitegiak biktimaren deklarazioari sinesgarritasuna emateko hartutako erabakia. Nafarroako Lurralde Auzitegi Nagusiaren epaian irakur daitekeenez, biktimak ez zuen askatasunez bere baimenik eman. Aitzitik, nagusitasuna egon zela hauteman du epaimahaiak.
Aretoak nabarmendu duenez, biktimaren testigantza "segurua eta sinesgarria" da eta hori berresten duten frogak daude: Poliziaren perituaren eta psikologoen frogak, pilatutako lekukotzak, aurrekariak eta atzekariak, eta batez ere "Antonio Manuel Guerrerok eta Alfonso Jesus Cabezuelok grabatutako bideoak eta ateratako argazkiak". Gauzak horrela, konspirazioaren teoria baztertu du. Defentsak konspirazio horren baitan kokatzen ditu biktima bera eta hura lagundu zuten udaltzaingoak eta poliziak, gizarte langileak, forentseak eta perituak.
Halaber, bost magistratuen iritziz "ez da sinesgarria biktimak tratu txarrak eta irainak, atmosfera zapaltzailea eta taldearen nagusitasuna baimentzea".
Hala eta guztiz ere, aretoko bost magistratuetako hiruk baztertu egin dute 2016ko sanferminetan gertatutakoa sexu-erasoa izan zela, ez baitute uste erasoan indarkeriarik eta larderiarik egon zenik. Aitzitik, larderia eta nagusitasun delituen "marra fina" dagoela nabarmendu dute, nagusitasuna dagoenean ere nolabait biktimak larderia sentitzen duela iritzita.
Intimitatearen aurkako delituari buruzko epai berria
Epai honen berritasuna intimitatearen aurkako delituan datza. Nafarroako Lurralde Auzitegia ez zen hori aztertzera sartu, hain justu, delitu hori hasieratik auzian ez zegoela argudiatuta. Hori dela eta, bost gazteak delitu horregatik absolbitu zituen.
"Frogak kutsatuta" zeudela eta magistratuek inpartzialtasunez jokatu zutela salatu zuen bost gazteen defentsak, "paraleloan egindako epaiketa mediatikoaren ondorio". Nafarroako Lurralde Auzitegiak defentsaren argudioak baztertu ditu. Are gehiago, haren esanetan, "ezin da aurresuposatu informazioa manipulatu edo zeharka eman dela". Aitzitik, gizarte eztabaidaren ezinbesteko parte gisa ikusten du.
Halaber, Aretoak erabat baztertu du defentsaren tesia, hots, presio mediatikoak bost gazteengan babesgabetasuna eragin duela eta frogak kutsatuta daudela.
Boto partikularra: "Biktimari segada egin zioten"
Epaimahaia osatu duten bost magistratuetatik bik boto partikularra eman dute, larderia egon zela eta, beraz, sexu-eraso delitu jarraitua izan zela iritzita.
Joaquin Galve Auzitegiko presidenteak boto partikularra azaldu du ETBri egindako adierazpenetan:
Bi magistratu horien aburuz, frogatuta gelditu da biktimak ez zuela baimenik eman eta "larderiaz eta bortxaz egindako ekintza bat izan zela, guztien (bosten) artean segada bat egin ziotela eta ez zuela ihes egiteko aukerarik izan". Arrazoiak ematerako orduan, tokiaren ezaugarriak azpimarratu dituzte: oso txikia izateaz gain, sarbide bakarra zuen (atea).
Sexu-eraso delitua leporatzerakoan bi larrigarri hartu dituzte kontuan: batetik, larderiak izaera bereziki umiliagarri edo iraingarria izan zela, gertaerak nola izan ziren ikusita; bestetik, bi pertsona edo gehiagok elkarrekin eta batera jardun zutela.
Aretoaren arabera, erasotzaileek hainbat sarketa egin zizkioten aldi berean, biktima mespretxatuz eta "bere umiliazioa esponentzialki areagotuz".
Gainera, aurretik esandakoa gutxi balitz, bost zigortuak banan-banan irten ziren erasoa gertatu zen tokitik, "biktima lurrean eta erdi biluzik utzita". Ez hori bakarrik, gazteetako batek egoera hori baliatu zuen biktimaren gerrikotik eskuko telefonoa hartu, memoria txartelak atera eta lurrera botatzeko. Bi magistratuen aburuz, material horri probetxua ateratzea ez ezik, beste helburu argi bat zegoen horren atzean: biktimari laguntza eskatzea eragoztea eta taldearen inpunitatea agerian uztea.
__________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.