Gizartea
Gaztelueta auzia
Erkoreka: 'Legalki ezin da Gazteluetarekin dugun hezkuntza-ituna desegin'
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ikasle ohi bati sexu-abusuak egiteagatik zigortutako irakaslea errugabea dela esan zuen Gazteluetako zuzendariak, eta adierazpen horri buruz mintzatu da Josu Erkoreka.
-
Gaztelueta ikastetxea. ETBren bideo batetik hartutako irudia
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "ezegokitzat" jo ditu Imanol Goyarrolak, Gazteluetako zuzendariak, zigortutako ikastetxe horretako irakasle ohiari buruz egindako adierazpenak. Ikasle ohi bati sexu-abusuak egiteagatik zigortutako irakaslea errugabea dela esan zuen, hain zuzen, Goyarrolak. Ildo horretan, Erkorekak adierazi du Gazteluetarekin duten hezkuntza-ituna desegiteak ez lukeela babes legalik edukiko.
Gaurkotasuna aztertzeko Gasteizen emandako prentsaurrekoan, Erkorekak hitz horiekin erantzun die kazetariei Jaurlaritzak Gazteluetako aferaren harira hartuko duen jarreraz galdetu diotenean. Adin txikiko ikasle ohi bati sexu-abusuak egiteagatik, 11 urteko espetxe-zigorra ezarri diote irakasle ohiari.
Zuzendariaren adierazpenen ondotik, biktimaren senitartekoek Opus Deiko Leioako ikastetxea salatzeko eskatu zioten Fiskaltzari, ikaslearen errugabetasuna bermatze aldera.
Erkorekak, bere aldetik, argi utzi du Eusko Jaurlaritzak "ulertzen duela berba horiek biktimaren familiari mina eragin izana", baina berretsi du hezkuntza-itunen erregimenak araudi "oso zorrotza" duela oinarri, eta ez duela aurreikusten itun bat haustea ikastetxe bateko zuzendariak epai bat kritikatzeagatik.
"Ziurrenik", gaineratu du, "ilegala litzateke Jaurlaritzak berariaz kasu horretarako araudia urratzea, are gehiago, ez litzateke bidezkoa izango, ikastetxe horretan matrikulatutako gainerako ikasleengan eragina izango lukeelako".
"Jaurlaritzak ez du, inolaz ere, itunpeko ikastetxe baten funtzionamenduan nahasi nahi", nabarmendu du.
Gainera, "Jaurlaritzak ezin dio ikastetxeari zuzendaria kargutik kentzeko eskatu", azaldu du. "Ikastetxeak berak hartu beharreko erabakia da hori", bukatu du.