Gizartea
Elkarretaratzea Bilbon
Iñigo Cabacasen senideak eta lagunak: 'Justizia hau zaborra da'
Agentziak | Erredakzioa
Abenduaren 16rako manifestazioa deitu dute, “Iñigo hil dutela eta arduradunak aske daudela azkenekoz salatzeko”.
-
Elkarretaratzea Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean. Argazkia: EFE
“Justizia hau zaborra da”, salatu dute Iñigo Cabacasen senitartekoek eta lagunek Bilbon. Poliziaren buruzagiek, politikariek eta arlo judizialak “zigorgabetasunari babesa” eman diotela kritikatu dute. Cabacas gaztea gomazko pilota batek larri zauritu zuen 2012ko apirilaren 5ean, Ertzaintzaren karga batean, eta lau egun geroago hil zen.
Ehunka pertsonak, besteak beste, Manu eta Fina Iñigo Cabacasen gurasoek, elkarretaratzea egin dute ostiral honetan, Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean, Bizkaiko Lurralde-auzitegiaren epaia errefusatzeko. Auzipetutako sei ertzainetatik bakarra zigortu du Auzitegiak. Konkretuki, bi urteko kartzela-zigorra eta sei urteko inhabilitazioa ezarri dio. Beste bost ertzainak absolbitu ditu.
Gaztearen aurpegia zuen pankarta baten atzean eta 'Iñigo injustizia' lelopean, manifestariek Eusko Jaurlaritzaren, Ertzaintzaren eta Justiziaren armarriak lur gainean jarri dituzte bigarren pankarta batean. Ondoren, azken horren gainean zabor poltsak jarri dituzte.
Ertzain dispositibo handi batek estu hartu du protesta. “Soldatapeko hiltzaile, botere abusu”, “zipaioak”, "zuek ere txakurrak zarete" edo “herriak ez du barkatuko", oihukatu dute manifestariek. Iñigo Cabacas plataformako kideek agiri bat irakurri dute, “justizia hau zaborra” dela azpimarratzeko. Hala ere, ostegunean argitara emandako sententziak “arrazoia eman” diela gogorarazi dute.
“Prozesu judizial guztiaren ondotik, justizia egin ez dutela begi-bistakoa da, nahiz eta sei urte eta erdian zehar hala eskatu”, erantsi dutenez.
Cabacas auzia
Senide eta lagunen hitzetan, 2012ko apirilaren 5ean bizi izandakoa “karga bidegabe eta neurrigabe” bat izan zela agerian utzi du epaiak. “Alde guztietatik hasierako kontakizunean gezurretan” ari zirela begi-bistakoa dela adierazi dute. Bestalde, “ikerketa eskasa izan zela oso argi utzi du” sententziak, gaineratu dutenez.
Ertzaintzak “etengabe estaltzeko” asmoa izan duela ohartarazi dute. Ertzainek, “maltzur, gezurra kontatu dute”, salatu dutenez.
“Poliziaren eredu hau agorturik dago, eta ustel kiratsa du, eta arduradun guztiek lasai-lasai alde egin dute: Poliziaren buruzagiak, arduradun politikoak eta judizialak, azkenek, gainera, aurreko guztien erabateko zigorgabetasuna babestu dute”, deitoratu dutenez.
“Beste behin ere justizia hau zaborra” dela demostratzeko, abenduaren 16an manifestazioa egingo dute, 12:00etan, Justizia Jauregitik Eusko Jaurlaritzaren egoitzara arte. “Bi botere horiek ertzainak babestu eta zigorgabe utzi dituzte, horrela Iñigoren heriotza doan atera zaie”, kritikatu dute.
“Iñigo hil dutela, hil duzuela, eta arduraduna aske dagoela, eta horietakoren bat erruztatuen aulkian eseri ere ez dela, azkenekoz, salatuko dugu”, aurpegiratu dute.
Elkarretaratzeak 30 minutuko iraupena izan du. Iñigo Cabacasen gurasoei elkartasuna eta babesa adierazteko besarkadekin eta oihuekin bukatu da.