Itxi

Gizartea

Sexu-abusuak

Dagoeneko bost salaketa jarri dituzte Basauriko futbol entrenatzaile ohiaren aurka

EITB.EUS

Aste honetan beste hiru salaketa jarri dituzte Baskonia Futbol Eskolako entrenatzaile ohiaren kontra. Pepe Godoy basauriarra izan zen kasua salatu zuena, duela bi aste inguru.

  • Bost dira Basauriko futbol entrenatzaile ohiaren aurka jarritako salaketak

    ETBren bideo batetik ateratako irudia

Dagoeneko bost salaketa jarri dituzte Basauriko futbol eskolako entrenatzaile ohiaren kontra, sexu-abusuak egotzita.

Hasiera batean, hiru salaketa jarri zituzten gizon horren aurka, baina ostegun honetan beste bi jaso ditu Ertzaintzak. Hain zuzen ere, adin txikikoak zirenean euren entrenatzaile izandakoa salatu dute guztiek.

Halere, Ertzaintzak jakinarazi du gertakari guztiak preskribatuta daudela, eta, oraingoz, ez dutela salaketa gehiagorik jaso, aipatutako bostak salbu.

Gertakarien berri duela bi aste eman zituzten argitara Garaitza elkarteak, adingabeen kontrako sexu-gehiegikeriei eta tratu txarrei aurre egiteko.

Elkarte horrek zabaldutako bideo batean, Pepe Godoy basauriarra ageri da, eta duela 36 urte talde horretan jokatzen zuenean entrenatzaileak egin zizkion gehiegikeriak kontatzen ditu.

Horrenbestez, bost salaketa jarri dituzte jada, Godoyk berak jarritakoa ere kontuan hartuta. Esan bezala, hiru salaketa aste honetan bertan iritsi dira: bat asteartean eta gainerako biak ostegunean.

Lehendabiziko salaketaren berri izan eta gutxira, Baskonia Futbol Eskola elkarteak entrenatzailea kargutik kendu zuen, eta asteon Zuzendaritzatik bota dute.