Gizartea
'CABACAS' AUZIA
Bilkura egingo dute Bilbon, Iñigo Cabacasen heriotzari buruzko epaia salatzeko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Cabacasen senide eta lagunek "elkarretaratze jendetsua" deitu dute ostiral honetan Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean, 17:00etan.
-
Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko Bilbon egindako elkarretaratze bat.
Iñigo Cabacasen heriotzari buruzko epaia salatzeko, Athleticeko jarraitzaile gaztearen senide eta lagunek elkarretaratzea deitu dute ostiral honetan Bilboko Justizia Jauregiaren parean.
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak auzipetutako sei ertzainetako bati bi urteko kartzela-zigorra eta sei urteko gaitasun-gabetzea ezarri dio. Alabaina, ez dute espetxean sartuko eta ez du bere lanpostua utzi beharko, dagoeneko erretiroa hartu duelako.
Gauzak horrela, 'Iñigo Cabacas Gogoan' plataformak "elkarretaratze jendetsua" deitu du ostiral honetan "Injustiziaren Jauregiaren aurrean". Mobilizazioa 17:00etan hasiko da.
2012ko apirilaren 5ean, Athleticek jokatutako partida baten ondoren, ertzain batek jaurtitako gomazko pilotaka batek larri zauritu zuen Iñigo. Lau egun geroago hil zen Basurtuko Ospitalean.
Heriotza hori argitzeko epaiketa urriaren 15etik azaroaren 9ra bitartean egin zuten Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Sei ertzain izan dira akusatuen aulkian, tartean ofizial bat eta bi ofizialorde.
Epai-mahaiak bi urteko espetxe zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri dio Juan Jose de Pablo ertzainari. Gainerako bost agenteak absolbitu egin ditu epaileak.