Itxi

Gizartea

MIGRATZAILEAK

Frantziak 7.000 migratzaile itzuli ditu legez kontra, SOS Arrazakeriaren arabera

Agentziak | Erredakzioa

SOS Arrazakeriak salatu duenez, berehalako kanporatzeak "egunero" izaten dira, "sekula ez dira noizean behingoak izan".

  • Migratzaileak Gipuzkoatik ateratzen Frantziarako bidean

    Migratzaileak Irunen. ETBren bideo batetik ateratako argazkia

Frantziak 9.000 migratzaile kanporatu ditu urteko lehen bederatzi hilabeteotan, iaz urte osoan egin zituen beste kanporaketa, ia; gainera, 7.000 itzulketa inguru "erabat legez kontrakoak" izan zirela salatu du SOS Arrazakeriak.

Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeriako idazkari nagusiak elkartearen urteko txostena aurkeztu du Irunen (Gipuzkoa).

Frantziak itzuli dituen 9.038 migratzaileetako 5.602 Irungo mugan utzi zituen, eta 3.436, La Jonqueran (Katalunia).

7.000 kanporatze horiek "edozein prozedura alde batera utzita" egin dituztela eta "erabat legez kontrakoak" izan direla salatu du eskubide berdintasunaren aldeko giza mugimenduak; halaber, berehalako kanporatzeokin Frantzia eta Espainiaren arteko migrazioaren inguruko akordioak hausten direla eta "edozein ordenamendutatik kanpo" daudela kritikatu dute.

Berehalako kanporatzeak "egunero" izaten direla ohartarazi dute; gainera, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak urrian esandakoak ukatu dituzte, "noizean behingo kontuak" direla esan baitzuen.

Mazkiaranen esanetan, Grande-Marlaskaren adierazpenek "oinarri politiko argia" dute: "ez dute Frantziarekin arazorik izan nahi". "Hori guztia diplomaziaz bideratu eta arazo ez bihurtzea nahi dute", gaineratu du.