Itxi

Gizartea

Epaia

Betaurreko batzuk lapurtzeagatik zigortutako 'La Manada'ko kidea absolbitu egin dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Angel Boza aske uztea eskatu du epaileak. Sanferminetan neska bati sexu abusuak egiteagatik bi urteko espetxe-zigorra bete eta hilabete batera sartu zuten berriro kartzelan.

  • Angel Boza. Argazkia: EFE

    Angel Boza. Argazkia: EFE

2016ko sanferminetan gazte bati sexu abusuak egiteagatik bederatzi urteko espetxe zigorra ezarri zion epaileak Angel Boza 'La Manada'ko kideari, eta handik bi urtera, Sevillako Zigor-arloko Epaitegiak lapurreta eta lesio delitu arin bategatik zigortu zuen. Hain zuzen ere, Sevillako merkataritza gune batean, 2018ko abuztuaren 1ean, betaurreko batzuk lapurtzea egotzi zioten. Gauzak horrela, delitu horiek medio, kartzelan sartu zuten Boza, baina gaur bertan aske uzteko erabakia hartu du epaileak.

Epaiketa iragan astelehenean egin zuten. Bertan, lau urteko espetxealdia eskatu zuen Fiskaltzak Bozarentzat, indarkeriaz egindako ebasketagatik. Gainera, beste bi zigor eskatu zituen Fiskalak: lehena, 300 euroko isuna lesio arinengatik, eta bigarrena, 232 euroko kalte-ordaina segurtasuneko jagole bat kolpatzeagatik. Nolanahi dela, epaileak absolbitzeko erabakia hartu du.

Agustin Martinez Bozaren abokatuak, bere aldetik, isuna jartzeko, baina lapurreta delitua arintzeko exijitu zuen.

Azkenik, ostiral honetan eman du epaia Sevillako Zigor-arloko Epaitegiko 10. zenbakiko Jose Jesus Maraver Lora epaileak. Ebasketa eta lesio delitu arinengatik 540 euro ordaintzera eta merkataritza guneko jagoleari 234,32 euro ematera "behartzen" du ebazpen horrek.

Era berean, Angel Boza "berehala" aske uztea exijitzen du epaiak, lapurreta gertatu zenetik kartzelan baitago 'La Manada'ko kidea.