Itxi

Gizartea

MARTE 2020

NASAk bizi zantzuak bilatuko ditu Marten, antzina laku bat izan zen tokian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Estatu Batuetako Espazio Agentziak 2020an ontzi bat bidaliko du Jezero izena duen krater batera (45 kilometroko diametroa du), bertako haitzen eta lurraren laginak hartzeko.

  • Marte

    Marte. Agentzietako bideo batetik ateratako irudia

Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziak (NASA) espazio-ontzi bat bidaliko du 2020an Martera, planeta gorrian bizi aztarnak bilatzeko. Zehazki, antzina laku bat izan zena arakatuko du NASAk, noizbait Marten bizi izan ziren organismoen bila. Horretarako, haitzak eta lurraren laginak hartuko dituzte.

NASAn eztabaida bizia izan dute bost urtez, "Mars 2020" misioaren baitan 2020ko uztailean Martera joango den espazio-ontziak non lur hartu behar duen erabakitzeko.

Lur hartzeko balizko 70 toki aztertu ostean, NASAk hartu du erabakia. Espazio-ontziak Jezero izena eta 45 kilometroko diametroa duen krater batean hartuko du lurra. Bertan, lurzoruaren eta harrien laginak hartuko ditu.

"Mars 2020" proiekturako lanean ari den Ken Farley zientzialariak azaldu duenez, krater hori antzina ibai bat zen eta, beraz, litekeena da molekula organikoen zantzuak eta mikrobioak bere baitan gorde izana.

Garai batean lakua izan zenak 250 metroko sakonera zuen. Toki horretan bost haitz mota daude, tartean, buztina, arroka karbonatatua edota arroka bolkanikoak. Azken horiek Marteren eboluzio bolkanikoa ulertzeko pistak eman ditzakete.