Itxi

Gizartea

Delitua

Lau urteko zigorra eskatu dute Angel Bozarentzat, indarkeria erabiliz lapurtzeagatik

Agentziak | Erredakzioa

Autoarekin saltokiko bi zaindari harrapatzen saiatu zen. Egun hartan egindakoaz “oso damututa” agertu da ‘La Manada’ko kidea, eta “ergelkeria galanta” izan zela ziurtatu du.

  • Angel Boza, 'La Manada'ko kidea. Artxiboko argazkia: EFE

    Angel Boza, 'La Manada'ko kidea. Artxiboko argazkia: EFE

Fiskaltzak lau urteko kartzela-zigorra eskatu du Angel Boza ‘La Manada’ko kidearentzat, Sevillako saltoki batean eguzkitako betaurreko batzuk lapurtu eta ihes egiterakoan autoarekin bi zaindari harrapatzen saiatzea egotzita. Ingurukoei barkamena eskatu die Bozak, eta egindakoa “ergelkeria galanta” izan zela ziurtatu du. Epaiketa epaiaren zain geratu da.

Abuztuaren 1ean, El Corte Ingles konpainiak Sevillan duen saltoki batean betaurreko batzuk lapurtu zituen Bozak, eta, ihes egiten ari zela, haren atzetik atera ziren segurtasun-zaindariak ibilgailuarekin harrapatzen saiatu zen. Abuztuaren 2tik, fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdian dago Boza. Epailearen aurrean, bi zaindariak harrapatzen saiatu izana ukatu du ‘La Manada’ko kideak.

Hala, Bozak azken hitza hartu du, bere senideei eta gizarteari “barkamena” eskatzeko. Gainera, egun hartan egindakoaz “oso damututa” agertu da, eta “ergelkeria galanta” izan zela ziurtatu du.

Bi segurtasun zaindarietako batek ordezkatzen duen akusazio partikularrak, bi urteko kartzela-zigorra eskatu du harentzat. Beste alde batetik, defentsaren iritziz ez zen inolako indarkeriarik egon lapurreta hartan, eta akusatuari leporatutako harrapaketa-saiakera ezin izan dela epaiketan frogatu nabarmendu du. Arrazoi horregatik, ‘La Manada’ko kideari zigorra murrizteko eskatu dio defentsak epaileari, eta espetxera bidali ordez, isuna jartzeko galdegin dio Agustin Martinez Becerrak, Bozaren abokatuak.

Lau urteko kartzela-zigor eskaeraz gain, auzipetuari 300 euroko zigorra ezartzea eskatu du Fiskaltzak, lapurreta egin zuen saltokiko segurtasun-zaindariak zauritzea leporatuta. Halaber, bietako bati 232 euroko kalte-ordaina emateko agintzea eskatu dio Ministerio Publikoak epaileari.

Zaindari batek Bozaren kontrako epaiketan azaldu dutenez, saltokiko aparkalekutik ihes egiterakoan, ‘La Manada’ko kidea bere lankidea harrapatzen saiatu zen, eta erditik kendu behar izan zen. Alabaina, autoarekin eskuan jo zuela gaineratu du.

Defentsak ez du ukatu Bozak lapurreta egin izana. Sevillako Udaltzaingoak atxilotu zuen ‘La Manada’ko kidea, saltokiko segurtasun zaindarien abisua jaso ostean. Boza atxilotu zuten unean, betaurreko batzuk zituen aldean, eta harrapaketa-saiakeraren inguruan galdetu ziotenean, “musika ozen” zeramala eta ez zuela ezer entzun esan zien.