Gizartea
Sexu abusuak
Kirolean sexu abusua jasaten duten umeentzako arreta zerbitzua ezarri du Jaurlaritzak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aholkularitza zerbitzuaren helburua da gazteei laguntza eta informazioa ematea. Gainera, aurrez aurreko aholkularitzaren bidez, egokien artatuko dituzten lekuetara bideratuko dituzte biktimak.
Kirolean sexu abusua jasaten duten biktimei aholku emateko zerbitzu berezitua jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, "identifikatu" eta "onartu" beharreko "ezkutuko arazo dramatikoa" delako, eta berori saihesteko neurriak hartu behar direlako.
Bingen Zupiria Kultur eta Hizkuntz Politiketako sailburuak, Olatz Legarza Basque Team koordinatzailearekin eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendarirekin batera, aurkeztu du zerbitzua, Haurren kontrako Gehiegikeria eta Tratu Txarren Prebentziorako Munduko Egunaren kariaz.
Aurkezpenean aurreratu dute berdintasun arloan aditua den lagun-talde batek biktimen zalantzak eta abusu salaketak aztertuko dituela, astelehenetik ostiralera. Azken batean, informazio eta aholkularitza zerbitzua izango da aipatutakoa.
Gazteei, federakundeei eta kirol talde eta erakundeei ere egongo da zuzenduta zerbitzua. Gainera, telefonoz eta Whatsapp bidez ez ezik, posta elektronikoz ere jasoko dute arreta bertara jotzen dutenek. Beharrezkotzat jo ezkero, aurrez aurreko arreta ere jasoko dute, betiere, biktimaren intimitate-eskubidea babestuta.
Aholkularitza zerbitzuaren helburua da gazteei laguntza eta informazioa ematea. Gainera, aurrez aurreko aholkularitzaren bidez, egokien artatuko dituzten lekuetara bideratuko dituzte biktimak.
"Zure taldekoak gara" leloari eutsita, kanpaina ere abiatu dute gaur bertan. Triptiko baten bidez informazioa eman dute, eta horrekin batera bideo bat zabaldu dute, zeinetan Basque Team Fundazioko zenbait kirolarik abusu izan litezkeen hainbat adibide ematen dituzten. Halaber, zerbitzu berri hori erabiltzera animatzen dituzte gazteak.
Adibideen artean ondorengoak aipatu dituzte: umiliazio egoerak, pertsona helduak biluzik dauden kirolarien aldageletara baimenik gabe sartzea eta kirolariei, sexu mesedeen truke, abantailak edo tratu hobea eskaintzea.