Gizartea
INKESTA
Bizkaiko medikuen % 86 eutanasia legeztatzearen alde agertu dira
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaiko Medikuen Elkargoak eutanasiaren inguruko galdeketa bat egin du, eta gaur jakinarazi ditu emaitzak: 6.927 kidetatik 723k hartu dute parte inkestan.
-
Artxiboko irudia.
Bizkaiko medikuen % 86 eutanasia legeztatzearen alde agertu dira, Bizkaiko Medikuen Elkargoak gaur ezagutzera eman duen inkesta baten arabera. 6.927 medikuk osatzen dute elkargoa, eta 723k hartu dute parte galdeketan. Horietatik % 60,5ek esan dutenez, eutanasia legea onartzen bada, aukera hori eskatzen duen gaixoari onartu egingo liokete eta ez lukete kontzientzia-eragozpena erabiliko.
Euskal Herrian halako galdeketa bat egiten den lehen aldia da, eta Cosme Naveda Bizkaiko Medikuen Elkargoko presidenteak zabaldu ditu gaur emaitzak, Bilbon egin duen agerraldian. Eutanasia legeztatzeko lehen urratsa eman zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak joan den ekainean, eta horren ondoren egindako iritzi bilketa bat da.
Navedak nabarmendu duenez, oso garrantzitsua da eutanasiari buruzko eta zainketa aringarriei buruzko eztabaidak bereiztea. Bestalde, eutanasia eta lagundutako suizidioren arteko ezberdintasunean egin du azpimarra; eutanasiaren kasuan, medikuak ematen dio gaixoari hiltzeko botika, eta lagundutako suizidioan, berriz, botika eskura jarri bai, baina medikuak ez dio botika hori ematen gaixoari. Azken aukera hori, medikuen % 71,21ek babestu dute inkestan.
Mediku gazteak dira, batik bat, eutanasia legeztatzearen alde agertu direnak, eta % 84k uste dute kontzientzia eragozpenerako aukera jaso beharko lukeela legeak.