Gizartea
HAURREN KONTRAKO ABUSUAK
Haurren kontrako gehiegikeriak salatzeko eta ezagutzera emateko deia
EITB.EUS
Garaitza elkarteak elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako, Bilbon. Jaurlaritzak, berriz, indarkeria mota honen biktimei laguntzeko zerbitzua aurkeztuko du.
-
Basaurin atzo egindako bilkura, asteon salatutako sexu erasoak salatzeko. Argazkia: EiTB.
Haurren kontrako Gehiegikeria eta Tratu Txarren Prebentziorako Munduko Eguna dela eta, Garaitza Bizkaiko elkarteak elkarretaratzea deitu du gaur astelehen arratsalderako Bilbon. "Umeen kontrako gehiegikeriak salatzea eta gizarte osoari eragiten dion arazoa ezagutzera ematea" dira elkarte horren helburu nagusiak, eta hori aldarrikatuko dute 19:00etatik aurrera Arriaga plazan egingo den elkarretaratzean. Sexu-abusuekin lotutako delituek ez preskribatzea ere eskatuko dute.
Batez beste, 17 urtetik beherako nesken % 23k eta mutilen % 15ek pairatzen dute sexu-indarkeria Espainiako Estatuan, eta kasu gehienetan biktimek denbora asko behar izaten dute erasoa salatzeko.
Urtero 150 bat pertsonak jotzen dute Garaitza elkartera, laguntza eske. "Biktimak guregana iristen direnean, zauriak zabalik dituzte oraindik, eta tratamendu luzeak behar dituzte, erasoek utzitako orban psikologikoak gainditzeko", esan dute Garaitzako kideek.
Asteon, elkarte horrek zabaldu dituen bi bideotan, umetan jasandako sexu-abusuak salatu dituzte gizon batek eta emakume batek.
Eusko Jaurlaritza
Haurren kontrako Gehiegikeria eta Tratu Txarren Prebentziorako Munduko Egunaren harira, Bingen Zupiria Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak indarkeria mota honetako biktimei laguntzeko zerbitzu bat aurkeztu dute.
Batez ere, kirolean haurrek jasaten dituzten erasoei aurre egiteko zerbitzua da, eta Basque Team Fundazioarekin elkarlanean jarri du martxan Jaurlaritzak.