Gizartea
Adingabeak
Baskonia Futbol Eskolan ez dela sexu-abusurik egon argitu du klubak
eitb.eus
Elkartea, gainera, Udalak deitutako elkarretaratzera batu da, eta bertan behera utzi ditu asteleheneko entrenamendu guztiak, elkartasun keinu gisa.
-
Artxiboko irudia: Pixabay.
Baskonia Futbol Eskolak "sexu-askatasuna eta sexu-ukigabetasuna urratzen dituzten jarrerei erabateko gaitzespena" adierazi die, Basauriko herritar batek umetan futbol entrenatzaile horrengandik sexu jazarpena jasan zuela publikoki salatu eta gero. Salaketaren ostean, Baskonia Futbol Eskolak entrenatzailea bota zuen.
Futbol eskolak komunikatu batean esan duenez, sortu zenetik "gaur egunera arte, ez da adingabeen kontrako sexu abusurik gertatu, ezta beste sexu-askatasuna eta sexu-ukigabetasunaren kontrako deliturik". 2007an sortu zuten Baskonia Futbol Eskola, eta salatutako delituak 1981an izan ziren.
"Edozein motatako sexu erasotzaileak" gaitzetsi ditu elkarteak, eta "delitu sexualen biktima guztien alde" agertu da.
Horregatik, hurrengo astelehenean, azaroaren 19an, entrenamendu guztiak bertan behera utzi ditu, Sexu Abusua eta Umeei egindako Tratu Txarrak Saihesteko Egunaren harira.
Azkenik, Basauri Futbol Eskola Udalak deitutako elkarretaratzera batu da. Igandean izango da, 18:30etan, Arizgoiti plazan.