Gizartea
Pertsona migratzaileak
Bidaiderik gabeko 40 adingabe atzerritar artatzeko gaitasuna izango du Nafarroak
Agentziak | Erredakzioa
Programak 4,74 milioi euroko aurrekontua izango du datozen bost urteetan (2019-2023). Eredu tradizionalekin alderatuta, % 22 aurreztuko du Foru Gobernuak.
-
Migratzaile gazte batzuk kalean. Artxiboko argazkia: EiTB
Bidaiderik gabeko 40 adingabe atzerritar hartzeko gaitasuna izango du Nafarroak, beste 25 plaza mistoren kudeaketarako lizitazio prozesua amaitu ondoren. Horiek urritik lanean ari diren 15 tokiei gehituko zaizkie.
Miguel Laparra Nafarroako Eskubide Sozialetako presidenteordeak prentsaurrekoan azaldu duenez, 25 plaza horietatik 5 lehen arreta eta balorazio erregimenekoak izango dira.
Lizitazio kontratuak marko administratiboa ahalbidetzeko helburua du, baita Nafarroan dauden bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrentzako babes eta laguntza programa bat martxan jartzea ere.
Programak 4,74 milioi euroko aurrekontua izango du datozen bost urteetan (2019-2023), eta onuradunak babesik gabe dauden bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrak izango dira; izan ere, zaintzeko ardura duen adineko pertsonarik ez dago kasu horietan.
Miguel Laparra Nafarroako Eskubide Sozialetako presidenteordea. Argazkia: EFE
Eredu tradizionalekin alderatuta, % 22 aurreztuko du Foru Gobernuak. Gainera, esku-hartzea adingabeen beharrizanetara moldatuko da.
Ez diete abandonu, tratu txar edo sexu-abusu egoerei erantzunik emango, adingabeei eragiten dien migrazio arazo bati heldu baizik. Horrela, bakoitzaren beharrizanen arabera, burujabe izaten lagunduko diete adingabeei.
Horretarako, Hezkuntza Departamentuak 16-17,5 urte bitarteko adingabeak trebatuko ditu, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak 17,5 urtez gorakoak.
Lorezaintza Nekazaritza eta Basozaintza ikastetxean, Sukaldaritza Burlatako LHIn, Fabrikazio eta muntaia Virgen del Camino LHIn, Biltegi Operazioak Maria Ana Sanz ikastetxean eta Ibilgailuen Elektromekanika Uharteko BHIn eskainiko diete. 8 ikasleko eskolak antolatuko dituzte.