Gizartea
Black Friday
Noiz eta nola heldu zen ‘Black Friday’ Euskadira?
EITB.EUS
Ostiral Beltza duela sei urte heldu zen Euskadira, baina mende erdi baino gehiagoko tradizioa du Ameriketako Estatu Batuetan.
-
2016ko Black Friday' eguneko erakusleiho bat. Argazkia: EFE
Black Friday edo Ostiral Beltza azaroaren 23an egingo dute aurten. Duela 50 urte baino gehiago sortu zenetik, estatubatuarren jaiegun hori Esker Emate Egunaren ondorengo ostiralean ospatzen dute. Egun horretan, beherapenak eta eskaintza bereziak aurki daitezke saltoki gehienetan, denda fisikoetan zein sareko dendetan.
Dena den, enpresa gehienek asteburuan zehar ere egiten dituzte eskaintzak, eta beste batzuek Cyber Monday edo Ziberastelehenera arte luzatzen dituzte. Egun horretan, enpresek hainbat promozio eskaintzen dituzte Ostiral Beltzaren osteko astelehenean Internet bidezko salmentak bultzatzeko.
Jatorria
Ostiral Beltza XIX. mendeko esklabotzarekin lotzen duen uste faltsua zabaldu arren, esaera horren lehenengo arrastoak 1950. urtekoak dira, History historiari buruzko telebista-katearen arabera.
Esker Emate Egunaren biharamunean, turista eta erosle askok Filadelfia hirigunera jo zuten, urtero legez larunbat horretan amerikar futboleko Army-Navy partida jokatu aurretik, eta jendetza horrek kaosa eragin zuen. Black Friday terminoa erabili zuen Poliziak egun horretan bizi izan zutena deskribatzeko.
Hala ere, 80ko hamarkadaren amaieran, txikizkariek bere egin zuten termino hori, baina esanahi askoz ere positiboagoa eman zioten. Ordura arte desordena adierazten zuen ‘beltz’ hori merkataritza-irabaziak aipatzeko baliatu zuten; izan ere, egun horretan kontuak gorriak (galerak) izatetik beltzak (irabaziak) izatera pasatzen ziren. Esker Emate Egunaren osteko lehen ostirala, beraz, irabaziak handitzeko aukera bihurtu zen Ameriketako Estatu Batuetan.
Ostiral Beltza, Euskadin
Black Friday egun ospetsua da AEBn; 2017an, estatubatuar bakoitzak 800 euro gastatu zituen egun horretako beherapenetan. Euskal Autonomia Erkidegoan, aldiz, 2012an egin zen lehen aldiz Ostiral Beltza, baina hurrengo urtera arte ez zen ezaguna egin.
Gaur egun, berriz, garrantzi handiko eguna da euskal hirietan; 2016an, Donostia hiriburuan, esaterako, 90 saltokitik gora batu ziren ekimen honetara, Donostia Turismoren blogaren arabera.
Berandu heldu da
Black Friday munduko hainbat herrialdetan aurretik antolatu arren, Gabonetako erosketen denboraldiari hasiera ematen dion eguna 2012an heldu zen gurera.
Ordura arte, urtean birritan bakarrik egin ahal ziren beherapenak saltokietan, eta, gainera, produktu bat merkatu ahal izateko, aurretik denbora jakin bat eman behar zuen salgai, prezioa aldatu gabe.
20/2012 Errege Lege-Dekretua, uztailaren 13koa, 2012ko uztailaren 17an indarrean jarri zutenetik, saltzaile bakoitzak urtean zehar merkataritza aldetik interes handiena duten sasoietan egin ditzake beherapenak, eta merkealdi bakoitzaren iraupena berak zehaztuko du.
Lege-dekretu hori izan baino lehen, Estatu mailan txikizkako merkataritza arautzen zuen legeak (7/1996 Legea, urtarrilaren 15ekoa, Txikizkako Merkataritza Antolamenduari buruzkoa) bi epe zehazten zituen beherapenak egiteko, bata urte hasieran eta bestea urte bukaeran, eta gutxienez astebete eta gehienez bi hilabete iraun behar zutela jasotzen zuen, horren gaineko eskuduntza duten autonomia erkidegoek zehaztutako egunen artean.
Hala ere, Isabel Gorostiaga Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuneko (EHKB) abokatuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan hiru salmenta-mota nagusi daude (beherapenak, promozioak eta likidazioak), baina legeak beste batzuk ere arautzen ditu. Aditu horren ustez, “Ostiral Beltzean egiten diren salmentak ez dira merkealdian egiten diren salmenten modukoak”.
EAEko legediari dagokionez, Gorostiagaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzaren 7/1994 Legeko artikulu batzuk aldatu zituzten barne-merkatuko zerbitzuak arautzen dituen 2006/123/EE Zuzentaraura moldatzeko. Lege horren arabera, denda batek beherapenak egin nahi baditu, horiek abiatu aurretik eman behar dio horren berri kontsumo arloan eskumenak dituen sailari.