Itxi

Gizartea

Migrazioa

Baionako harrera zentroak 100 migratzaile hartu ditu lehenengo gauean

EiTB.EUS

Lapurdiko hiriburuko autobus-geltokitik gertu dagoen Gizarte Ekintzarako Herriko Zentroaren eraikin bat egokitu dute, migratzaileak artatzeko eta egun batzuez haiei egoitza emateko.

  • Migratzaileak, Baionan. ETBren bideo batetik ateratako argazkia

    Migratzaileak, Baionan. ETBren bideo batetik ateratako argazkia

Migratzaileei zuzendutako harrera zentroa zabaldu berri dute Baionan, eta hantxe igaro dute lehenengo gaua hainbat lagunek. Hain zuzen ere, Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez, 100 migratzaile inguru hartu ditu aterpetxeak; hau da, logela guztiak bete dituzte ireki duten egunean.

Lesseps izena du harrera zentro berri horrek. Han, lau boluntario eta zaintzaile bat aritu dira migratzaileak artatzen. Gosaria ere jaso dute gehienek, eta autobusak ere ondo iritsi dira harrera zentrora, boluntarioek goizean argitu dutenez.

Lapurdiko hiriburuko autobus-geltokitik gertu dagoen Gizarte Ekintzarako Herriko Zentroaren eraikin bat egokitu dute aipatu zerbitzua eskaintzeko. Migratzaileek ezingo dute bertan denbora luzez geratu, baina autobusez iristen diren etorkinak artatu eta egun batzuez egoitza emango diete Lesseps zentroan.

Asko dira Irungo muga igarota Europa iparraldera joan nahi duten migratzaileak, eta, hori dela eta, ostegunetik aurrera, gau eta egun egongo da zabalik Irungo Martindozenea aterpetxea ere. Gurutze Gorriarekin akordioa lortu ostean, aterpetxe hori egunean 24 orduz egotea zabalik erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak.