Gizartea
Ordu aldaketa
Europar Batasunak 2021era atzeratuko du ordu aldaketa kentzeko epea
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Herrialdeen gehiengoa ordutegi aldaketa kentzearen alde dago, baina sistema informatikoak egoera berrira egokitzeko denbora beharko dutela uste dute.
-
Erloju bat. Artxiboko argazkia: EFE
Ordu aldaketa 2019an kentzea proposatu zuen Europako Batzordeak, baina epe hori 2021era arte luzatzea proposatu du Europar Batasunak. Gai honi buruzko azken erabakia abenduan egingo duten bileran hartuko dutela espero da.
Europar Batasuneko Garraio ministroek bilera informala egin dute gaur Austrian, eta eztabaida "zabala, argia eta eraginkorra" izan dela adierazi du Violeta Bulc Europako Garraio komisarioak.
Europako Batzordeak egin zuen ikerketa baten arabera, herritarren % 84 ordua aldatzearen kontra dago. Datu esanguratsu hori kontuan hartuta, Bruselak ordutegi aldaketa 2019an kentzeko proposamena egin zuen.
Alabaina, "erabaki garrantzitsu hori hortzeko ikerketa eta inkesta gehiago egin behar ditugu eta horretarako denbora behar da. Herrialdeei denbora emateko prest gaude", adierazi du Bulcek.
Ildo horretan, zenbait gobernuk azpimarratu dute hainbat sektorek –hegazkinen trafikoa edo sistema informatikoak, esaterako- denbora beharko dutela teknikoki egoera berrira egokitzeko.
Horrenbestez, Europar Batasuneko presidentziak ordu aldaketa 2019an barik 2021ean kentzeko proposamena egin du gaur.
Norbert Hober Austriako Garraio eta Azpiegitura ministroak ziurtatu duenez, estatu gehienak ordu aldaketa kentzearen aldekoak dira eta neurri hori indarrean jartzeko epea atzeratzeko prest agertu dira.