Gizartea
Berdintasuna hezkuntzan
Nafarroako Gobernuak sustatutako Skolae programa Madrilen txalotu dute
EITB.EUS
Ikasleen artean berdintasuna sustatu nahi duen programak babes handia jaso du Madrilen asteburu honetan egiten ari diren Koedukazioaren eta Generoaren Nazioarteko Bilkuran.
-
Maria Solana Nafarroako Gobernuko kontseilaria, Madrilen. Argazkia: EiTB
Nafarroako Gobernuak suspertutako Skolae: berdin bidean koedukaziorako programak laudorio anitz jaso ditu Madrilgo Carlos III.a Unibertsitatean asteburu honetan egiten ari diren Koedukazioaren eta Generoaren Nazioarteko I Bilkuran. Hezkuntzan berdintasuna du abiapuntu programa horrek, eta Maria Solana Nafarroako Gobernuko kontseilariak eta Skolaeko taldeak jendaurrean aurkeztu dute Madrilen. Nafarroako hezkuntza pribatuak eta guraso katolikoen elkarteek iragarri dutenez, auzitegietan salatuko dute programa hori.
Soledad Murillo Espainiako Gobernuko Estatu idazkaria ere kongresuan izan da, eta Skolae programari aipamen berezia egin dio. "Skolaek ez du bekaturik egin, giza eskubideak ez baitira bekatu". Gainerako hizlariek ere "eredugarritzat" jo dute Skolae, "egungo legedia betetzen baitu".
Maria Solana Nafarroako Gobernuko kontseilaria, berriz, txundituta azaldu da jasotako babesagatik. Horren hitzetan, "emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna printzipio unibertsala izan behar dela uste dugu gehienok, eta horretarako koedukazioa tresnarik onena da, ikasleek euren bizitza-proiektua eraiki dezaten, genero-baldintzapenik gabe, askatasun osoz".
Bestalde, Pilar Mayo Hezkuntzako berdintasuneko arloburuak programaren helburuak, formakuntza eta eskarmentuak aurkeztu ditu. Izan ere, programa iaz ezarri zuten 16 ikastetxetan. "Egun 1.400 irakasleri ari gara formakuntza eskaintzen, eta 100 ikastetxetan zabalduko dute Skolae programa", azaldu du.