Itxi

Gizartea

Manifestazioa

Erraustegia gelditzeko eskatu dute 10.000 pertsonak Donostian

Mikel Dominguez | eitb.eus

Hondakinak kudatzeko beste aukeren alde egin dute manifestazioan, eta "osasuna, ingurumena eta herritarren interesak aurretik ipiniko dituzten" alternatibak abian jartzeko eskatu dute.

  • Erraustegiaren kontrako manifestazioa / Argazkia: Euskadi Irratia.

    Erraustegiaren kontrako manifestazioa / Argazkia: Euskadi Irratia.

Gipuzkoako erraustegiaren kontrako manifestazio jendetsua egin dute Donostian, Errausketaren Aurkako Mugimenduak, GuraSOSek, sindikatuek eta talde ekologistek deituta, Erraustegia gelditu lelopean.

Zehazki, honakoak batu dira deialdira: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, GEIS/OEIT, ELA, LAB, CCOO, ENHE, ESK, STEILAS, HIRU, Eguzki, ERNAI, Gipuzkoa Zutik, Greenpeace eta "No +Precariedad" taldea.

Antolatzaileek emandako datuen arabera, 10.000 pertsona bildu dira Gipuzkoako Foru Aldundiari Zubietan erraustegia egiteko proiektua gelditu dezan eskatzeko.

17:00ak pasatxo abiatu da martxa, Mendeurren plazatik. Easo kaletik Askatasun hiribidera heldu dira, manifestazioa Alderdi Ederren bukatzeko.

Alderdi Ederren egin dute ekitaldia. Antolatzaileek erraustegia gelditzeko arrazoiak azaldu dituzte. Hondakinak kudeatzeko beste aukerak daudela esan dute, eta hori erakutsi dela Gipuzkoako herri askotan. Izan ere, "alternatibaren oinarrian gaikako bilketa derrigorrezkoa eta emaitzaduna" eta "ez nolanahikoa" dagoela defendatu dute.

Gainera, erraustegia osasunarentzat kaltegarria dela esan dute, eta "diru publikoaren pribatizazioa" eta "Gipuzkoako udalak zorpetzea" dakarrela.

Antolatzaileek "bizikidetzaren suntsitzea" gelditzearen alde egin dute, eta nabarmendu dute "Gipuzkoak denok eseriko garen mahai bat behar duela".

"Inposatu nahi diguten alferrikako" erraustegia gelditzeko "oraindik garaiz" dabilela uste dute antolatzaileek, eta borroka horretan jarraitzeko "ardura eta beharra" sentitzen dute. Izan ere, gogorarazi dutenez, 2018an gutxienez 18 erraustegi itxi edo geratu dituzte atzerrian; Espainiako Estatuan, lau.

Horregatik, "osasuna, ingurumena eta herritarren interesak aurretik jarriko dituzten alternatibak" abiatzeko eskatu dute, "Gipuzkoako etorkizunak merezi duelako".

Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta ere gogoan izan dituzte deialdian. Manifestariek txaloak eskaini dizkiete erraustegia gelditzeagatik epaitzen ari diren Ingurumen diputatu ohia eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) buruzagi ohia. Egungo Foru Aldundiak bi horien aurkako salaketa aurkeztu zuen erraustegiaren lanak geldiarazteagatik, eta 40 milioi eurotik gorako kalte-ordaina eskatzen du.