Itxi

Gizartea

'Manada' auzia

'La Manada'ko militarra Armadatik bota dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

"Legeak hala aginduta", jarduneko zerbitzuan zegoen, baina behin betiko posturik gabe. Alabaina, Indar Armatuek militar kargutik kentzea erabaki dute.

  • Alfonso Jesús Cabezuelo 'La Manada'ko militarra. Argazkia: EFE

    Alfonso Jesús Cabezuelo 'La Manada'ko militarra. Argazkia: EFE

Sexu-abusuak egiteagatik zigortutako Alfonso Jesus Cabezuelo 'La Manada' taldeko militarra Armadatik bota dute, Defentsa Ministerioak jakinarazi duenez.

"Legeak hala aginduta", jarduneko zerbitzuan zegoen, baina behin betiko posturik gabe. Alabaina, Indar Armatuek militar kargutik kentzea erabaki dute, administrazio-espediente baten bidez.

2016ko sanferminetan Madrilgo neska bati sexu-abusuak egiteagatik bederatzi urteko espetxe-zigorra ezarri zioten Cabezuelori. Orduan, epaia ezagutu ostean, administrazio-espedientea ireki zioten Indar Armatuek.

Azkenik, 45 urtera arte Armadaren soldadu izateko zeukan konpromisoa etetea ebatzi dute, eta, horrenbestez, militar kargutik kentzea. Erabaki hori Defentsaren Aldizkari Ofizialean argitaratu dute ostegun honetan.

Cabezuelori eta 'La Manada' taldeko beste lau kideei martxoan jarri zieten zigorra, baina ekainean behin-behinean eta fidantzapean aske uzteko erabakia hartu zuen epaileak, besteak beste, kaudimengabezia ekonomikoak eta antzeko aurrekaririk ez izateak ihes egiteko eta berriro halako erasoren bat egiteko arriskua gutxitzen zutelako. Fiskaltza eta herri-akusazioak ez ziren ebazpenarekin bat etorri.

Uztailean, berriz, Defentsa Ministerioak jakinarazi zuen ez ziotela behin betiko posturik emango, baina ezin zutela jardunean egotea saihestu. Hori dela eta, oinarrizko soldata oso-osorik berreskuratu zuen.

Hain zuzen ere, Margarita Robles Defentsa ministroak hartu zuen behin betiko postua ez emateko erabakia, 111.3 artikuluan oinarrituta.