Itxi

Gizartea

Hezkuntza

Urtero 400 bullying kasu baino gehiago antzematen dituzte Euskadin

Agentziak | Erredakzioa

Azken bost urteetan kopuruak gora egin du, jokabide kaltegarri horiek salatzeko sentsibilizazio sozial handiagoa dagoelako.

  • Artxiboko irudia: EiTB

    Artxiboko irudia: EiTB

Euskadin lanean ari diren 88 Hezkuntza ikuskatzaileek batezbeste 400/500 eskola-jazarpen kasu antzematen dituzte urtero. Azken bost urteetan kopuruak gora egin du, jokabide kaltegarri horiek salatzeko sentsibilizazio sozial handiagoa dagoelako.

Hala ere, Jose Angel Ayucar Euskadiko Hezkuntza ikuskatzaile nagusiak zehaztu duenez, baieztatutako kasuen kopuruak behera egin du, % 23tik % 17ra.

Estatuko Hezkuntza Ikuskaritzako XV. Kongresuaren hasiera ekitaldian parte hartu du Ayucarrek, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin batera, Bilbon. Azken urtean Euskadiko ikuskatzaileek 7.000 txosten egin dituzte Administrazioarentzako eta herritarrentzako.

3.000 gurasoen ekimenez abiatu dituzte, horien artean, eskola-jazarpena, ikastetxe aldaketak, ebaluazioen galdeketak, etab. Gainerakoak sistemarekin lotutakoak dira, besteak beste, irakasleen eta zuzendarien ebaluaketak eta ikastetxeetako egutegiak.

Gurasoek irakasleei egindako erasoak ikuskatzaileek gehien aztertutako arazoa denik baztertu du Ayucarrek. “Bakanak, behingo kontuak, dira, baina zarata mediatiko handia ateratzen dute”, ziurtatu du.

Azken 20 urteetan, 1.000 ikastetxetan, 6 eta 12 kasu artean eman dira urtean, azpimarratu duenez.

Ayucarroren ahotan, hezkuntza ikuskatzaileen lana aldatu egin da azken urteetan; izan ere, ez datza “kontrolean”, aurreko mendeetan egin bezala, lan hori teknologia aplikazioekin egin daitekeelako.