Gizartea
Cabacas auzia
Kargaren 'arduraduna tokian zegoen buruzagia' zela esan du Aldekoak
eitb.eus
Ertzaintzako zuzendaria ertzain inputatuen arduraduna zen tragedia gertatu zen egunean. Orain erabaki zuzena hartu ote zen esatea “bidezkoa” ez litzatekeela uste du Aldekoak. Lekuko gisa deklaratu du.
Kargak egin ala ez erabakitzeko “ardura tokian zegoen buruzagiak” zuela azaldu du gaur Jorge Aldekoa Ertzaintzako buruzagiak, akusatuetako bati erreferentzia eginez. Aldekoa Cabacas auzian inputatutako ertzainen arduraduna zen tragedia gertatu zen egunean.
Era berean, orain erabaki zuzena hartu ote zen esatea “bidezkoa” ez litzatekeela uste du Aldekoak, Maria Diaz de Haroko “kalezulora sartzea erabaki zuenak eskura zuen informazioarekin hartu zuen erabakia, eta pilotak hilgarriak zirenik ez zekien”.
Aldekoak lekuko gisa deklaratu du asteazken honetan, Athleticeko jarraitzailearen heriotza epaitzen ari den Bizkaiko Lurralde-auzitegian. Ertzaintzaren karga batek zale zuri-gorri gaztea larri zauritu zuen 2012ko apirilaren 5ean. Gaztea lau egun geroago hil zen Basurtuko ospitalean.
Operazioan parte hartu zuten sei ertzain auzipetu dituzte: hiru ofizialorde eta hiru agente. Akusazio partikularrak, biktimaren familiak, lau urteko espetxe-zigorra eskatzen du bakoitzarentzako, homizidioa eta arduragabekeria profesionala leporatuta, baita sei urteko inhabilitazioa ere. Fiskaltzak eta defentsek, ostera, absoluzioa eskatu dute.
Epaiketaren hirugarren saioan, hartutako erabakien pertsona arduraduna “tokian dagoen agintaria” dela esan du Bilboko polizia-etxearen orduko buruzagiak. “Arduraduna bertan dagoena da, buruzagia bada buruzagia da, eta agintaria ez bada, ertzain bakoitza bere ekintzen erantzule da”, adierazi duenez.
Jone Goirizelaia akusazio partikularreko abokatuak galdetuta, Poliziaren karga egokia edo ez izan zela esatea “bidezkoa” ez litzatekeela azpimarratu du Aldekoak. Ertzaintzako buruzagiaren ahotan, “ez nintzen bertan egon” eta, gainera, “bertan zegoenak orain baino informazio eskasagoa zuen”.
“Bertan zegoenak ez zekien zauritua han ez zegoenik sartu zirenean eta, garrantzitsuena, han sartzea erabaki zuenak pilotak hilgarriak zirenik ez zekien, eta nik badakit. Orduan, ezin dut haren lekuan epaitu. Berak erabakia inguruabar hartan eta informazio horrekin hartu zuen. Orain guk beste bat daukagu”, erantsi du.
Espainiako Poliziaren komisario batek ere lekuko gisa deklaratu du gaur. Epaitegira txosten bat igorri zuen komisarioak, istiluen aurkako materialaren erabilerari buruz agenteek jasotzen duten hezkuntzaren inguruan. Etxez inguratutako eta jendez lepo zegoen plaza txiki batean gomazko pilotak jaurtitzea gomendagarria ez dela azaldu du.
Gainera, lekukoek adierazi dute ez zutela liskarrik ikusi, eta “gutxi batzuek” jaurti zizkietela botilak ertzainei, ETBk azaldu duenez.
“Izua eta ikara” nagusitu zirela azaldu dute lekukoek. Lekuko batek esan du Iñigo Cabacasengana hurbildu zenean “handik joateko” esan ziola agente batek.
Lekukoek jakinarazi dutenez agenteak gorriz jantzita zeuden batzuk, eta beltzez besteak. Kale itsura ari zirela pilotak jaurtitzen esan dute, “eskopetak aurrerantz zuzenduta” zituztela.