Itxi

Gizartea

CABACAS AUZIA

Cabacasen heriotzari buruzko 'egia' argitzea espero duela esan du Beltran de Herediak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

'Familiaren saminaren aurrean, errespetu handiena' adierazi du Segurtasun sailburuak.

Iñigo Cabacas gaztearen heriotzaren inguruko "egia osoa" argitzea espero duela esan du Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak. Gaur abiatu da epaiketa Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Buruan Ertzaintzaren pilotakada bat jaso ondoren hil zen Cabacas, 2012ko apirilean. Sei ertzain eseriko dira akusatuen aulkian, zuhurtziagabekeriazko giza-hilketa leporatuta.

Segurtasun sailburuak esan duenez, Iñigo Cabacas nola hil zen eta zer gertatu zen jakitea "beharrezkoa" da, eta Auzitegiari dagokio hori argitzea. "Batez ere, familiaren onerako, baina baita gizarte osoaren eta Ertzaintzaren onerako ere", zehaztu du.

Segurtasun sailburu kargua hartu zuenetik Cabacasen gurasoei bere "babesa" adierazi diela esan du, eta "familiaren saminaren aurrean, errespetu handiena"  agertu du.

Berrozin egin ditu adierazpenok Beltran de Herediak, hango polizia-etxean abiatu duten formazio saio baten hasiera ekitaldian.