Itxi

Gizartea

Gipuzkoako erraustegia

Errazkin eta Intxaurrandieta errugabe jo ditu Espainiako Kontu Auzitegiak

EITB.EUS

EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundia zuzendu zuenean, bertan behera utzi zuen erraustegia eraikitzeko kontratua. Hondakinen Kontsortzio berriak EH Bilduko bi arduradunak salatu zituen iaz.

  • Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta babesteko EH Bilduk egin zuen ekitaldia. Irudia: EiTB

    Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta babesteko EH Bilduk egin zuen ekitaldia. Irudia: EiTB

Zubietako erraustegiaren kontratua eteteagatik epaitu ondoren, Espainiako Kontu Auzitegiak errugabe jo ditu Iñaki Errazkin eta Ainhoa Intxaurrandieta EH Bilduko arduradun ohiak. Egungo Ingurumen Foru Departamentuko eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) kargudunek salaketa jarri zuten bien aurka, eta 46 milioi euroko kalte-ordainak eskatu zituzten. Epaitegiak, baina, ez du aintzat hartu eskaera hori eta errugabe jo ditu, Euskadi Irratiak gaur jakinarazi duenez.

Auziak orain bost urteko erabaki bat du oinarrian. 2013an, EH Bildu Gipuzkoako Foru Aldundiaren agintean zela eta Errazkin Ingurumen diputatu eta Intxaurrandieta Hondakinen Kontsortzioko buru zirela, aurreko legealdian EAJk hitzartua zuen erraustegia eraikitzeko kontratua bertan behera utzi zuten. Erabaki horren ondorioz, GHK kontsortzioak 8 milioi eurotik gora ordaindu behar izan zizkion enpresa eraikitzaileari.

Donostiako auzitegi batek kontratua bertan behera utzi izana legez kanpokotzat jo ondoren, Hondakinen Kontsortzioko zuzendaritza berriak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, Errazkin eta Intxaurrandieta auzitara eramatea erabaki zuen, 46 milioi eurorainoko zigorrak eskatuz. Herritarrei eragindako kalte ekonomikoa jarri zuten eskaera horren oinarrian salatzaileek.

Akusatuek adierazi zuten euren alde bozkatu zutenek bazekitela kontratua bertan behera uztea zela euren asmoa, eta bozkatzaileekin hitzartutako kontratua betetzea izan zela egin zutena. Salaketa EAJren mendekutzat jo zuten Errazkin eta Intxaurrandietak.

Erantsi zuten erabaki bera hartuko luketela gaur egun, eta dirua galarazi ez, aurreztu egin zutela azpimarratu zuten, erraustegiaren neurria txikitu egin delako bigarren proiektuan.

Espainiako Kontu Auzitegiak errugabe jo ditu biak.