Itxi

Gizartea

'ZUBIAK BATUZ' LELOPEAN

Abiatu da Kilometroak jaia Urretxun eta Zumarragan, euskararen alde zubiak batuz

I.A. | EITB.EUS

5,9 kilometroko ibilbidea eta adin guztietarako jarduerak antolatu ditu Urretxu-Zumarraga ikastolak.

  • Zintak batuz eman diote hasiera Kilometroak jaiari Urretxu-Zumarragan. Argazkia: @kilometroak

    Zintak batuz eman diote hasiera Kilometroak jaiari Urretxu-Zumarragan. Argazkia: @kilometroak

Zintak batuz eman diote hasiera Kilometroak jaiari Urretxu-Zumarragan. Lehendabizikoz 1985ean hartu zuen parte Legazpiko Haztegi Ikastolarekin eta 2002an, berriz, bakarka. Urriko lehen igandera itzuli da Gipuzkoako ikastolen jai handia.

Urretxu-Zumarraga Ikastolak azken urteetan hainbat berrikuntza egin ditu ikastolako eraikinean. Udan LH eta DBHko lehen zikloko guneak berritu zituzten, eta Kilometroak jaian lortutako dirua berrikuntza horretara bideratuko da.

Leloa eta abestia

'Zubiak batuz' da aurtengo edizioaren leloa, eta aurtengo helburuaren adierazle, ere bai: Zumarraga eta Urretxu bi herri ezberdin dira, "baina askotan, baten moduan funtzionatzen dute. Zubiak batu, indarrak biderkatu eta elkarrekin antolatuko dugu festa handi hau".

Urretxu-Zumarragako Bertso Eskolak sortu du abestiaren letra eta Secundino Esnaola Musika Eskolak, berriz, doinua. Uxue Kerejeta, Maddi Martin eta Sergio Patxuko dira abeslariak.

Zirkuitua eta aparkalekuak

5,9km eta lau gune izango ditu Kilometroetako zirkuituak. Hauek izango dira guneak: Ikastola, Zumarragako plaza-Lizeoa, Etxaburu eta Santa Barbara.

Autoa aparkatzeko bi aparkaleku prestatu dira, bat Urretxun, eta bestea Zumarragan. Urretxuko Mugitegi industrialdean autoak eta autobusak utzi ahal izango dira.

Bizikletaz joatea pentsatu dutenentzat ere bi aparkaleku egongo dira. Azkoitia aldetik iristen direnek Urretxuko pilotalekuan izango dute txirringak uzteko aukera; Legazpi eta Debagoienetik doazenek, aldiz, Kamineroen etxean. Bi aparkalekuak bidegorriaren ondoan daude.

Garraio publikoa

Urretxu eta Zumarragara heltzeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute antolatzaileek. Renfek aldiriko tren bereziak eskainiko ditu egun horretan (Irun-Brinkola). Zumarragako geltokitik bertatik sartu ahal izango da zirkuituan.

Lurraldebusek ere autobus zerbitzu bereziak eskainiko ditu. Egun horretan autobus horien geralekua aldatu egingo dituzte (ezingo dira Renfeko tren geltokiraino sartu). Antzuola eta Legazpi aldetik datozen autobusak Mugitegi industrialdean geratuko dira, eta Azkoitia aldetik datozenak, berriz, Zumarragako eliza aurrean.

Egitaraua

Lehen gunea Ikastola izango da. Bertan egongo dira Imanol Ituño, 3zpa4ko lagunak, erromeria.eus eta kantu kolore. Goizeko 10:15etik 13:15era sormen tailerra, aniztasun tailerra eta zientzia tailerraz gozatzeko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek.

Trikuarri, Lurra eta Irritzi dantza taldeak, Tiktara, Hiri Galduak eta Gozategik girotuko dute Zumarragako Plaza (2. Gunea). Kirola ere izango da protagonista gune honetan, bertan arituko baitira kirol anitzetan, kriketean eta herri kiroletan.

Kontzertuak izango dira nagusi 3. eta 4. guneetan (Etxaburu eta Santa Barbara). Etxaburun Patxuko Nice, Gorpuzkingz, Willis Drummond, Voltaia eta Eraso igoko dira oholtzara. Oso Fan, Madeleine, La Basu, Oihan Vega eta Hesianek jarriko diote musika Santa Barbarako 4. guneari.