Gizartea
Epaia
Amatasun prestazio publikoak PFEZtik salbuetsi ditu Auzitegi Gorenak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zerga Administrazioko Espainiako Agentziak orain arte ezarritako irizpidearen kontra egin du Gorenak. Hala, 16 hilabeteko bajan, PFEZtik salbuetsiko dituzte amatasun prestazioak.
-
Haurdunaldia. Argazkia: EiTB
Gizarte Segurantzak emandako amatasun prestazioak PFEZtik (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) salbuestea erabaki du Auzitegi Gorenak. Hain zuzen ere, erditu ostean emakumeek duten 16 hilabeteko bajan jasotzen duten prestazioan du eragina erabaki horrek. Hartara, Zerga Administrazioko Espainiako Agentziak orain arte ezarritako irizpidearen kontra egin du Gorenak.
Gainera, atzera bota du Estatuko Abokatutza Orokorrak jarritako helegitea.
Erabaki horrekin, beraz, Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak 2017ko ekainean emandako epaia berretsi du. Orduan, emakume batek PFEZtik salbuesteko agindu zion Ogasunari.
Gauzak horrela, Auzitegi Gorenak gogora ekarri du Estatuko abokatuak helegitea jarri ziola epai horri Gaztela Leongo eta Andaluziako auzitegi nagusiek hartutako erabakiekin kontraesankorra zela iritzita. Hain zuzen ere, Gizarte Segurantzaren amatasun prestazioak ohiko lansaria ordezkatzen duela, eta hortaz, ez dagoela PFEZtik salbuetsita argudiatu zuten bi auzitegiek.
PFEZren legeak bermatu egiten du
PFEZn, hasteko, jaiotzengatik, erditze bikoitzengatik, adopzioagatik, amatasunagatik eta haurra norbere kargu hartzeagatik jasotako prestazioak salbuesten dira. Hori da, zehazki, Gorenaren erabakia arrazoitzen duen irizpideetako bat.